Maritxu Kajoi ate joka dagoela iragartzen du urtero-urtero Nobenaixuek. Festa handia baino astebete lehenago, Herriko Plazan, iturriaren alboan eta Maritxuren irudiaren azpian elkartzen dira Komisiñue osatzen duten lagunak, eta herritar guztiekin ospatzen dute dotore-dotore janzteko eguna iristear dagoela.
Aurten ere plazara bertaratzen direnek musu-truk dastatu ahal izango dituzte bai gazta eta baita ardoa ere. "150 litro ardo inguru, 35 kilo gazta eta 30 baserriko ogi banatuko dira".
Gainera, ohorezko inbutua banatuko dute gaur: Olentzeroren lagun eta karrozaren gidari Patxi Gorosabelek jantziko du. "Azken 25 urteotan egin du lan hori, eta, beste edozer behar izanez gero ere, eskatu eta beti egon da prest. Bere prestutasuna aintzatesteko eta eskertzeko modu bat da inbutua berari ematea".
Nobenaixuen jatorria
"Maritxu Kajoi jaia oso ezaguna dela ez dago zalantzarik, baita kanpoan ere. Baina Nobenaixue ez, eta, bitxia dirudien arren, oraindik arrasatear askok ez dakite egiten denik ere". Baina bederatziurren jai hori ez da berria; 1987. urtean egin zuten lehenengoz eta 1998ra bitartean zapatuetan ospatzen zuten.
Ez da denboran izan duen aldaketa bakarra. Hain zuzen ere, Nobenaixue beti ospatu izan da Maritxuren irudiaren azpian, eta irudia tokiz aldatu zuten 1995ean. Lehen, Erdiko kalera ematen duen parrokiako atearen gainean zegoen, eta hantxe egin zituzten 1995era bitarteko Nobenaixuek. Ekimena ezagutzen ez dutenek aukera paregabea dute gaur 18:30ean hasiko den ekimenean parte hartzeko: "Guzti-guztiok zaudete gonbidatuta gurekin batera Nobenaixue ospatzeko".
Eskuartean taldearen azoka
Debagoieneko artisauak batzen dituen Eskuartean elkarteak azoka egingo du gaur Herriko Plazan, 18:00etatik 21:00ak bitartean. Hala, Maritxutarako bitxiak behar izanez gero, esaterako, bertan egongo diren 10-12 postuetan aurkitu ahal izango da zer edo zer.