Larreategik berak klubeko webgunean aipatu moduan "Zarautz eskarmentudun taldea da eta oso ondo dakite jokatzen daukatenarekin. Barrutik min handia egiten dute euren barruko jokalariak trebeak direlako". Arrasateko taldea, ostera, ez dago oraindik onenean, baina entrenatzaile eskoriatzarra baikor dago, talde honek "sentsazio onak" ematen dizkiolako.
Feliko Ayalari omenaldia
Bestalde, joan den domekan egin zuen Ointxe! klubak talde guztien aurkezpena, eta horretarako partidu mordoa antolatu zituzten Iturripen. Nagusiek Tolosaren kontra jokatu zuten, baina Muskolan, Iturripeko zorua oso labainkor dagoelako, eta inork minik ez hartzeko. Azken partidu honen atarian une hunkigarriak bizi izan ziren, Ointxe!-k omenaldia egin ziolako klubeko presidente ohi Feliko Ayalari. EBAra igotzeko borrokan ibili ziren sasoian izan zen Ayala presidente.