Badatoz Maritxuak!

Imanol Beloki Unamuno 2013ko ira. 25a, 15:13

Urriaren 4a, egubakoitza, izango da Maritxu Kajoi eguna Arrasaten. Jaia antolatzen ari diren komisiokoek egitarau umoretsua prestatu dute aurten ere txikitero koadrilentzat. Eskapularioetan, bestalde, murrizketen inguruko manifestua egingo dute. Eta Arrasateko jatetxe eta jantzi dendetan galdetuta, berriz, Krisia nabarmentzen dela kontatu digute.

Etxafuegoak jaurtikiz hasiko da eguna "bakearen Nobel saria den Barack Obamaren eskutik". Txikitero koadrilentzat egun ederra izango da egubakoitzekoa, baina aurretik, irailaren 27an, Nobenaixuan, 18:30etik aurrera, ardo paregabea eta gazta probatzeko aukera izango dute Arrasateko herriko plazan Maritxu azpira gerturatzen diren guztiek. 

Inbutu preziatua, Patxi Gorosabelentzat

Nobenaixo eguna omenaldiak egiteko eguna izaten da, eta aurten, Patxi Gorosabel, Olentzeroren lagun nekaezina, omenduko dute. Hala, inbutu preziatua emango diote Maritxu Kajoi eguna ospatzen den 36. urteurrenean. Nobenaixo eguna omenaldiak izateko eguna izanik, komisiokoen esanetan, Herriko Tabernenei ere bultzadatxoa emango diete aurtengo egitarauaren atzeko bertsoan, haien inguruko epaiketak direla eta.

Krisiaren eraginpean

Krisia izango da aurten Maritxu Kajoi egunean nabarmenduko dena. Arrasateko denda batzuen erakusleihoetan kartelak jarri dituzte Maritxu Kajoi egunerako jantzien salmenta promozionatzeko, baina jendeak ez du erosi oraindik. Markiegi dendakoen esanetan, ez dago mugimendu handirik: "Krisia sumatzen da eta azken momentura arte itxaron beharko dugu ea jendea hurbiltzen den".

Jatetxeetan ere asko aldatu da ohitura. Lehen, ia ezinezkoa zen bazkaltzeko edo afaltzeko lekua aurkitzea, baina gaur egun, ez dago arazorik jateko lekua lortzeko. Uxarte jatetxekoen eta Santa Ana hotelekoen arabera, jende gehiago joaten da bazkaltzera, afaltzera baino, tendentzia aldatu delako. Santa Ana hotelean, esaterako, ez dago bazkaltzeko lekurik, baina afaltzera  joateko, aldiz, lekua soberan dago. Uxarte jatetxean, aldiz, 40 pertsona inguruko lagun taldea egongo da bazkaltzen, baina oraindik ez dituzte mahai guztiak bete. Menuen prezioei dagokienez, ezberdinak dira jatetxe bakoitzean; baina Uxarte jatetxean, adibidez, 26 euroko menua prestatu dute egunerako.

Autobus zerbitzu berezia

Autobus zerbitzuei dagokienez, urtero bezala, Arrasate jendez betetzen da eta egunerako autobus zerbitzu berezia jarriko dute. Oraindik zehaztu gabe dituzte ordutegiak, baina lehenbailehen jarriko dituzte www.pesa.net webgunean.

Eskapularioetan murrizketak

Krisiak eragindako murrizketen eragina igarriko da aurtengo eskapularioetan. Izan ere, zintzilikarioei zati bat faltako zaie eta gainera, atzealdean artazi batzuk agertuko dira, murrizketak irudikatzeko.

Egitaraua

Irailak 27, Nobenaixue:

18:30 Maritxupeien, ardaue ta gaztaie probetako aukeria. Gero, Patxi Gorosabel Olentzeroren lagun nekaezinari omenaldia.

Urriak 4, Maritxu Kajoi Eguna:

08:00 Etxafleroak bake nobel saria den Barack Obamaren eskutik.

10:00 Francisko aita santuak eta Bergarako 200 monjek hasiera emango die ofizialki jaiei Ostarkutik abiatuta.

11:30 Prozesioa Arantzazura Mondrako jokalarien alde.

14:30 Forman jarri eta gabeko txikiteue eutsi ahal izeteko kirol saio xumea. 270 kilometroko ultra-maratoi-triatloia 5 buelta Anboto zeharkatuz eta gero ziorlako zubitik errekara salto, igeri Debaraino. Kontuz depuradoraz.

18:00 Irrien lagunekin haurrentzako Ane eta Piratekin parrandan ikuskizuna Sebero Altuben.

Gaztetxoentzako Niri bost lehiaketa (galdera-erantzun labur eta froga ezberdinen lehiaketa). Kalean zehar izango da Gaztegunetik abiaturik. Eguraldi txarrarekin Gaztegune barruan.

18:30 Kiliki eta Erraldoi txiki eta ertainak herriko kaleetan zehar.

19:00 Oria txaranga beteranuen doinuak entzungo ditugu Herriko plaza eta inguruetan.

20:30 Maritxuri Lore eskaintza Herriko plazan. Urteko txikituak eskertu, krisixek txikiteue ez zapuzteko eta datorren urtien danok egon gaittezen eskaketako.

00:30 Dantzaldia Herriko plazan.

22:30 Dantzaldia Sebero Altuben Kaixoren eskutik.

02:30 Oñatiko 15 lehengusu-lehengusina autobusez etortzea aurreikusten da. Ligatu ez baduzu oraindik, agian hau da zure aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak