Arrasateko 19 kirol taldek euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 24a, 10:15

Aisialdian euskara sustatzeko ahaleginen artean, AEDren baitako Bultza taldeko kideek kirolariekin eta oro har, kirol elkarteekin egiten diharduten lana dago. Kirolarien Euskara Eguna antolatu dute irailaren 28rako, zapatua. Besteak beste, Euskara Gure Hizkuntza Nagusiaren aldarrikapena egingo dute.

Bultza taldeko Joxemari Muxikak euskararen erabileran eragitea bilatzen dutela esan du. Aurretik elkarte gastronomikoetan jardun ostean, kirol elkarteak ere euskara martxan ipintzeko leku aproposak izan daitezkeela erabaki zuten. "Helburua toki horietan euskara gaztelania beste erabiltzea da, haren pareko egotea. Kirol elkarteetan proposamena ongi hartua izan da". 

19 talde eta helburu bat

Herriko 19 kirol taldek egin dute bat proiektuarekin eta elkarte bakoitzak bere euskara plana garatu du: "Egoeraren diagnosia egin dute, aktak, eskutitzak eta oro har, dokumentu idatziak begiratu eta helburu batzuk finkatu eta horietara iristeko ekintzak prestatu dituzte. Eta berdin erabilerarekin ere, hau da, kirolariek, monitoreek zein batzarretako ordezkariek nola hitz egiten duten ikusiz".

Bultza taldekoek badakite hori egitearekin bakarrik ez dela ezer lortuko. "Giroa ere behar da, eta horregatik antolatu da Kirolarien Euskara Eguna".

Jende ugariren inplikazioa

Talde guzti horietan 5.000 jokalari inguru, bazkideak, entrenatzaileak eta beste daude nahasita, eta guztiengan euskararen erabilera modu natural batetan lortu gura dute ekimenaren antolatzaileek.

"Gazte euskaldunek askotan ez dute euskal erreferentziarik. Gurasoek eta ingurukoek maiz egiten dute gaztelaniaz; hori aldatu beharra dago". Irailaren 28ko 13:00etan Euskara Gure Hizkuntza Nagusiaren  Aldarrikapena irakurri eta atxikimendua emango diote, Herriko Plazan.

Zapatua ekintzaz beteta

Bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. 10:00etatik 12:45etara, esaterako, Seber Altuben auto telegidatuak eta bizikleta trebetasun ginkana egongo dira; Biteri plazan errugbia, saskibaloia eta judoa; Zaldibarren futbola –Mondrakoak eta Zaldibarko futbitokoak–, pilota eta eskubaloia; eta Herriko Plazan aerobic eta Arrasateko kultur ginkana egingo dituzte.

Arratsaldean, ostera, korrika lasterketak egingo dituzte herriko kaleetan zahar, atletismo taldearen laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak