Hondakinen gaineko ikastaroa, gizarteratze prozesuan diren langabeendako

Ubane Madera 2013ko ira. 23a, 15:40

Ikasleak hondakinen trataeraren inguruko eginkizun ezberdinetarako prestatuko dituzte, laneragarri izan daitezen epe motzera. Ikastaroa presentziazkoa izango da, guztira 80 ordu iraungo du eta 27 eskola-egunetan garatuko da, egunean hiru orduz (15:30etik 18:30etara). Doako ikastaroa da eta urriaren 11ra arte dago izena emateko epea, Arrasateko Biztanleen Arretarako Zerbitzuan (BAZ). Ekocenter izeneko proiektuarekin lotura zuzena dauka ekimenak.

Berez lan munduan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonak lagundu gura dituzte ikastaro horren bitartez, zailtasun horiek gainditu eta etorkizun hurbilean lanerako gertu izan daitezen. Hala, jasoko duten formazioaren helburua zera da: hondakinen bilketan eta kudeaketaren eremuan ikasketak izateko aukera ematea, batez ere etxeko tamaina handiko hondakinen inguruan.

Lan-poltsa, Ekocenterrerako

Hain zuzen ere, Ikasleak hondakin zatiki desberdinak izaeraren arabera eta jatorriaren arabera identifikatzen trebatuko dira. Ezagutuko dute herriko hondakinen kudeaketaren ezaugarriak, eta beste. Era berean, segurtasun eta lan osasunaren ikuspuntutik, hondakinen kudeaketa egokia egiteko beharrezkoak diren alderdiak ere landuko dituzte.

Ikastaro honen ostean lan-poltsa espezifikoa sortuko dute, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeak gaur egun garatzen dituen eta Ekocenter berriaren irekierarekin garatuko dituen ekintzetarako erabiliko dena.

Nafarroa etorbidean izango dira eskolak, 12 lagunendako lekua duen gela batean. Eskola-emaileak, berriz, Emauseko lantalde teknikoko kideak izango dira.

Baldintzak

Honako baldintzak bete behar dira ikastaroan parte hartu ahal izateko:

  • Langabezian egotea.
  • Arrasaten erroldatuta egotea
  • Gizarteratzeko Hitzarmen bat sinatzeko baldintzak betetzea (Udal Gizarte Zerbitzuek identifikatutako bezeroak edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) hartzaileak).
  • Lan-baimena edukitzea (etorkinen kasuan).

Geroz eta emaitza hobeak

Antolatzaileek azpimarratu dute Arrasateko Udalak eta Emaus Fundazioak aspaldian dihardutela elkarlanean; Nafarroa Etorbideko gizarteratze tailerrarekin eta dendarekin geroz eta emaitza hobeak lortzen ari direla, bai sozialki, bai ingurumenaren ikuspegitik ere.

Gaineratu dutenez, berrerabilpena bultzatzeko, gizarteratze prozesuak indartzeko eta, zentzu horretan, lanpostuak sortzeko baliabide garrantzitsu bat delako egin du Udal Gobernuak Ekocenterra Arrasaten ezartzeko apustua. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, arrazoi berdinengatik aitortu dizkio Emausi 440.000 euro proiektu honetarako. Aldundiko Ingurumen sailetik bideratu da, batez ere berrerabilpenaren gaiak interesatuta eta 2013ko aurrekontuen kontura.

ASAM

Era berean, Arrasateko Udalak azaldu du pabilioi industrial bat bideratu duela proiektu horretara (ASAM). Esandakoaren arabera, Polmetasa Garagartzara joan zenetik Udalak erabili du bere beharretarako eta hainbat enpresa egon izan dira lokalarekin interesatuta, baina Udalak Ekocenterrari eman dio lehentasuna.

Irabazi asmo bakoak

Helarazitako informazioaren arabera, pabiloi industrialaren zati bana alokatu zaie Emaus Fundazioari (2.610 m2
behe solairuan eta 1.242 goikoan) eta Gureak Taldeari, arrazoi bategatik: biak irabazi asmorik gabeko proiektuak direlako eta aurreikusten da herriari ekarpen garrantzitsua egingo diotela  sozialki, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez. Arrasateko Udalak alokairu sinbolikoaren formula erabili da espazioaren lagapena gauzatzeko.

Ikastaroaren gaineko informazio gehiago beharrez gero, bi bide daude:  943 252070 telefono zenbakira deitu (Udaleko Enplegu Saila) edo enplegu@arrasate-mondragon.net helbide elektronikora idatzi.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak