Euskal Herriko gatazka politikoaren hainbat biktima arrasatearren testigantzak Kulturaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ira. 22a, 12:23

Atzo, zapatua, egin zuen Arrasateko ezker abertzaleak Egia, Justizia eta erreparazioa ekitaldia, herritarrez betetako Kulturateko areto nagusian. Egubakoitzeko Goiena paperean antolatzaileek aurreratu moduan, estatu espainiarraren zein frantziarraren errepresioa jasan dutenen ahotik hainbat bizipen hunkigarri jaso ziren, besteak beste, ikusentzunezko batek lagunduta. Amaierako hitzak Sortuko Gipuzkoako koordinatzaileak, Joxean Agirrek egin zituen, horrelako ekitaldiak herri guztietan egitearen garrantzia eta beharra aldarrikatuz eta alderdi politiko guztiei alde batera bakarrik begiratu beharrean, gatazkaren konponbiderako, biktima guztien errekonozimendua ezinbestekoa dela eskatuz.

Arantxa Sasian Arrasateko iheslariak ikusentzunezkoan irakurritako eskutitz batekin hasi zen ekitaldia. Etxetik ihes egin zuen garaiak eta ondorioz izan duen bizimoduaz jardun zuen. Bideoaren bigarren atalari eman zion paso aurkezleak gero, erahildako herritarrei buruzkoa hori. Torturaren gaia ekarri zuen hirugarrenak, Kepa Ormaetxea, HBko zinegotzi oiharen ahotik.

Segidan, Xanti Iparragirrek hartu zuen lekukoa eta dispertsioaz eta etxetik urrun egoteaz bi bertso egin zituen, txalo zaparrada jasoz. Isabel Zabarte, Jesus Mari Zabarte Garratz prresoaren arrebak jarraitu zuen gero, anaiaren egoera eta dispertsioaren ondorioak salatuz.

Kale agerraldiak zein bestelako ekitaldiak antolatzatzea leporatuta, hainbat gaztek ordaindu behar izan dituzten isunen gainekoa izan zen hurrengo atala. Olatz Etxaberena, aita Guardia Zibilak tiroz hil zuen arrasatearraren kontakizuna izan zen ikusentzunezkoaren hurrengo atala; eta kartzela zigor eta epaiketen gainekoak itxi zuen ekitaldiko bideo emanaldia. Azken horrek Ino Galparsoro, Arrasateko alkate oiharen testigantza batu zuen.

Senideei lore eskaintza eta Sortuko Joxean Agirreren berbaldia gero

Ikusentzunezkoa amaituta, krabelin bana jaso zuten hainbat senidek taularen gainera igota eta horiei batu zitzaizkien gero, laster epaituko dituzten hainbat herritar, tartean, aurrez aipatutako Galparsoro, alkate oiha.

Joxean Agirre, Sortuko Gipuzkoako koordinatzailearen berbek itxi zuten ordubete pasa iraun zuen zapatuko ekitaldia. Egubakoitzean Venezuelan atxilotu zuten Asier Guridi, Firi, oñatiarra gogoan hartuta hasi zuen hitzaldia eta gainontzeko alderdi politikoei zuzendu zitzaien gero, gatazka politikoari irtenbidea emateko alde guztietara begiratzeko eskaera eginda eta begirale lana egitea nahikoa ez dela aldarrikatuz. Aretoan batutakoek elkarrekin abestutako Eusko Gudariak kantuarekin bukatu zen zapatuko agerraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak