Ford Mugarri gertu dago bihar kategoria estreinatzeko

Xabier Urtzelai 2013ko irailaren 20a

Arrasateko eskubaloiarendako hastear dago denboraldi historikoa. Hamasei urte pasa ondoren taldea lehenengo maila nazionalera bueltatuko da-eta –Arrasate 1994-1995 denboraldian igo zen Lehenengo Nazionalera, eta bi denboraldi gehiago egin zituen kategoria horretan, 1997an Bigarren Nazionalera jaitsi ziren arte. Hala, bihar, zapatua, estreinatuko dute kategoria, Kantabriako Corralesen kontra (Musakolako kiroldegia, 18:00).

Pablo Gartziaren mutilak gertu daude lehiarako, eta joan den astean erakutsi zuten hori, Eibarko taldearen kontra: "Ustez kategorian aurrealdean ibiltzeko taldea osatu dute Eibarkoek, eta nahiz eta Pitxi Herreroren omenezkoan euren kontrako finala galdu egin genuen, partidu lehiatua izan zen", adierazi zuen entrenatzaile oñatiarrak Harmailatik saioan. Hain zuzen, Eibarko taldea oso ondo ezagutzen duen Andoni Bernal jokalariak berretsi zuen hasteko deseatzen daudela, euren benetako maila neurtzen hasteko. Bai, Arrasateko entrenatzaileak akats asko egin zituztela onartu zuen, horretarako daude lagunartekoak, eta horiek lehenbailehen zuzentzea da gakoa: "Nik garbi daukat maila honetan ondo defendatzea ezinbestekoa dela, hor egongo dela gakoa. Erasoan bakarrik jardunda ez dago ezer egiterik, ondoren defentsa gogor bat behar da, eta hor izandako hutsak zuzendu beharko ditugu lehenengo partidura begira".

Maila oneko eskubaloia 

Arrasatek Euskal Herriko talde indartsuenekin batera Kantabriakoak eta Zaragozakoak izango ditu aurrean: "Maila ona da hau, Asobal-en jokatu duten jokalari beteranoak, eta atzetik indarrez datozen gazteak batzen dituena. Guk, berriz, azken urteotako taldeari eutsi diogu". Kontutan hartzekoa da Arrasateko jokalariekin batera Eskoriatzakoak, Aretxabaletakoak, Oñatikoak... Bailarako jokalariz osatutakoa dela Ford Mugarri, eta horrek badu bere balioa. 

Jakin, bestalde, denboraldiko gastuei aurre egiteko bazkide kanpaina abiarazi duela klubak (20 euro).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak