Transmisioaren garrantziaz sentsibilizatzeko kanpaina

Irati Goitia 2013ko ira. 18a, 14:27

Hizkuntza baten normalizazioan transmisioak duen garrantziaz jabetzeko, kanpaina bat jarriko dute abian Arrasateko euskalgintzako eragileek elkarlanean. Leloa 'Eta zuk… nola egiten duzu?' izango da. Irailean hasi eta urte amaierara arte izango da martxan.

Oraindela bi urte ekin zioten elkarlanari Arrasateko euskalgintzako hainbat eragilek (Txatxilipurdik, herriko eskola eta ikastolek, udal euskaltegiak, AEK-k eta Udalak) eta iaz elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten. "Eragileak ezin dira euskara eta euskalgintza bere taldetxoan lantzen ibili; beharrezkoa zen bateratuta lan egitea", adierazi du Joxe Etxebarria euskara zinegotziak.

Transmisioaren garrantzia

Horrela, lanean aritu dira eragile horiek eta lau lantalde sortu dituzte. Horietako bat da transmisio taldea. Hizkuntza baten normalizazio prozesuan familia bidezko transmisioak duen garrantzian azpimarratu nahi dute talde horretatik. "Hizkuntza familia bidez jasotzea da hizkuntza ikasteko modurik naturalena, aberatsena, eraginkorrena eta merkeena" esan du Etxebarriak.

Euskalgintzako eragileek adierazi dute kontuan izan behar dugula norberaren harreman-sare hurbileko, familiako eta lagunarteko hizkuntzak berealdiko eragina duela hizkuntza batean komunikatzeko gaitasunean, hizkuntza ohituretan eta portaeretan. Eta horrela, familia transmisioak oinarrizko funtzioa betetzen duela gaineratu dute.

Hain zuzen, hausnarketa egiteko eta transmisioak duen garrantziaz jabetzeko kanpaina bat jarriko dute abian, batez ere, gurasoengan eragiteko nahiarekin. "Helburua izango da gogoeta egitea nolako transmisioa egiten dugun etxe barruko hizkuntza ohituretan. Izan ere, etorkizunera begira hizkuntza batek bizirauteko transmisioa funtsez-funtsezkoa da", zehaztu du Eneko Barberena Txatxilipurdiko zuzendariak.

'Eta zuk... nola egiten duzu?'

Eta zuk… nola egiten duzu? lelopean egingo da kanpaina euskarri ezberdinetan: iragarkia, pankarta erraldoia eta banerra egin dituzte. Guztiak ere, Goienako euskarri ezberdinetan izango dira ikusgai. Tartean, baita kanpainaren berri ematen joango den bloga ere Goiena komunitatean.

Kanpaina guraso euskaldunei zuzenduta dago, baina transmisio taldeko kideek adierazi dute ez dutela baztertzen hurrengo hilabete edo urteetan familia misto edo erdaldunetara ere jotzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak