Ehunka lagunek presoen alde egin zuten atzo Arrasaten

Jagoba Domingo 2013ko ira. 15a, 14:51

Elkartasun Eguna ospatu zen atzo Arrasaten, eta egun osoan zehar izan zuten zer egin. Herritarren erantzuna bikaina izan zen, bai manifestaziora baita kontzertuetara ere jende asko hurbildu zen-eta. Arratsaldean 18 taldek jo zuten alde zaharreko tabernetan, eta amaitzeko, gauean jendez goraino zegoen gaztetxean Dirty Kontrol Brothers, Kañeria 13 eta Anger Dualde eta Hapa Hapa taldeek jo zuten.

Manifestazio jendetsua izan zen atzo 20:30etan Arrasateko alde zaharrean egin zutena. Elkartasun Egunaren egitarauko ekitaldi nagusia zen, eta arrasatearren ez zuten hutsik egin. Ehunka eztarrik preso eta errefuxiatuei elkartasuna adierazi zieten eta oraindik ere egiteko lan asko dagoela aldarrikatu zuten.

Gaztetxean kontzertua

Goraino bete zen hasieratik Arrasateko gaztetxea Elkartasun Egunari amaiera paregabea emateko. Azken urteetan gaueko kontzertuak indarra galdu zuela zirudien arren, zapatuan indarberrituta amaitu zuen, etxeko taldeei parada emanez.

Kontzertu ezohikoa izan zen; aspaldian ikusteke zegoen Kañeria 13; Anger, pop, rock zein metal klasikoak jotzen eta Dirty Kontrol Brothers, Des-Kontrol eta Dirty Brothers taldeko kideekin.

Anaitasuna gure arma

Dirty Brothers izan zen oholtzara igo zen lehenengo taldea eta indartsu hasi zuten gaua, taldearen klasiko bihurtu diren kantuak bata bestearen atzetik jaurtitzen. Hala ere, pixkanaka Dirty Kontrol Brothers bilakatu zen laukotea. Des-Kontroleko Magu, Pepin eta Magulin-ekin Burua hotz eta bihotza bero, Beti elkarrekin edo presoei eskainitako Duintasunez eutsi jo zituzten. Publikoak ondo baino hobeto erantzun zuen, askorentzako aspaldian ikusi ez duten momentua heldu zelako, anaitasuna eta musika bat eginda.

Garagartza 'Stihl' rock

Kañeria 13, 90 hamarkadan hasi zirenetako talde berezienetako bat da, punk-a eta rock and roll-a ezin hobeto nahasten dituen makina. Zapatuan berriz ere argi utzi zuten; errege artean errege. Maketako zein Miles de historias diskoko kantuek zoramena ekarri zuten ikusle gazte eta ez hain gazteen artean.

Goatekea eta conga

Dantzarako parada egon zen zapatuan ere. Anger-en alter-egoak amaitu zuen gaua, oraingoan teklatu eta guzti 80ko hamarkadako pop, rock zein metal kantuak joaz. Besteak beste, Alaska, Tequila edo La Orquesta Mondragon pasatu ziren gaztetxetik. Ikusleak conga egiten jarri zituzten!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak