Maria Gartzia: "Cibeles-en, ekitaldiak antolatzen nituen; P&Gn, kontabilitate finantzarioaz arduratzen nintzen"

Naiara Uriarte 2013ko irailaren 15a

Maria Gartzia (1991, Arrasate) Irudi Aholkularitza modulua egin zuen bi urtez Madrilen. Horren ondoren, hiriburuan bertan, Marketineko eta Publizitateko Kudeaketa Komertziala egin zuen, beste bi urtez. Orain, Arrasatera itzuli berri da, Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza gradua egitera.

Publizitate moduluko praktikak Procter&Gamble multinazionalean egin zenituen. Zer-nolako esperientzia izan da?

Paregabea. Hiru hilabetez aritu nintzen. Enpresak askotariko produktuekin dihardu lanean. Ni botika alorrekoekin aritu nintzen –Oral B, Fluocaril, Clear Blue–, haien kontabilitate finantzarioaz arduratzen nintzen; fakturak, berankorrekin harremanetan jarri, inbentarioak... Hasiera batean, lan gutxi nuen, baina berehala lan gehiago eskaini zidaten eta asko ikasi nuen. 

Irudi Aholkularitzako praktikaldia, ostera, Cibeles-en egin zenuen. Zer esango zenuke?

Cibeles-en lan egiteko aukera apartekoa izan zen. Nire eginbeharra ekitaldiak antolatzean oinarritzen zen. Bi urtez egon nintzen lanean. Mirian Okariz eta Ailantoren desfilearen harreman publikoaz arduratu nintzen: modako prentsara eta telebistara deitu, VIPak [pertsonaia famatuak] konbentzitu ikuskizunera joan zitezen, jesarlekuak antolatu... Eguna iristean, ez ginen modeloez arduratzen, baina famatuak edo VIPak janzten nituen; besteak beste, Martina Clein, Laura Sanchez, Laura Pamplona eta Veronica Sanchez. Desfileak hiru minutu besterik ez du irauten, baina hori guztia antolatzea sei hilabeteko lana da.

Zertan datza ekitaldia?

Lehenik, tokia eta zenbat pertsona izango diren jakin behar da. Ondoren, jendeari deitzen diogu: gonbita bidali eta baieztapena izan arte itxaron, astebete. Pertsona kopurua jakinda, catering-a antolatu behar da. Jarraian, prentsari deitu eta moda aldizkariei prentsa oharrak bidali, gure ekitaldia iragartzeko. Famatu asko egonez gero, photocall delakoa antolatu behar da. 

Egindako bi lanetatik, zein gustukoago?

Dudarik gabe, Cibeles. Egindako lana gustukoago dudalako. Jende askorekin lan egiteko aukera izan dut, baita, aipatu bezala, famatuak janzteko ere. Baina, batzuetan, faltsukerian murgilduta nengoela sentitzen nuen, askok interesen arabera jokatzen baitute. Horrela, nik ere nire interesen arabera jokatzen ikasi nuen. Procter&Gamblen egindako lanak, aldiz, ez ziren hain dinamikoak, baina ezin naiz kexatu, moduluan ikasitako materia ia guztia praktikan jarri dudalako.

Nola ikusten duzu lan egoera gaur egun?

Modan, nahiko gaizki. Diseinatzaileek ez dute dirurik. Lanean egon nintzen diseinatzaile batek utzi egin dio Cibeles-en parte hartzeari, egoera finantzario eskasagatik. Egoera horrela egonda, zaila da esparru honetan lan egitea. Gainera, Procter&Gamble eta halako multinazionaletan lanpostua lortzea ia ezinezkoa da. Eskatzaile asko dituzte; ondorioz, azterketa asko gainditu behar dira bertan lan egiteko. Esperientzia izatea ezinbestekoa da. 

Lan egoera dela eta, pentsatu duzu ikasten jarraitzea?

Bai. Ikasi dudan Marketineko eta Publizitateko Kudeaketa Komertzialeko moduluak badu antzekotasuna Administrazioa eta Zuzendaritza graduarekin. Betidanik atsegin izan dut, eta  orain, Arrasaten nagoela, hori egiteko aprobetxatu behar dut. 

Madrilera bueltatuko zinateke? 

Ez. Madrilen bost urtez bizi izan naiz, eta, gustuko izan arren, faltan igarri dut herria. Gustura nago Arrasaten, baina etorkizunean hiribururen baten bizi izango naizela uste dut; aukeran, Donostian. 

Atzerrira joango zinateke?

Bai, dudarik gabe. Orain, beste ikasketa batzuk egin arren, haiek amaitzean, atzerrira lanera joateko aukera izanez gero, ez dut birritan pentsatuko.

-----------------

Marra azkarrez

Gogoan duzun iragarkia: 2012ko Joko Olinpiarrak. 

Liburu bat: Un mundo sin fin. 

Egiteko duzun bidaia: New York. 

Bizi izateko toki bat: Donostia. 

Pelikula gustukoena:El diario de Noa. 

Armairuan ez zaizu falta: Blazer beltza. 

Bazkari gustukoena: Nire amaren tigreak. 

Abesti bat: Passenger-en Let her go. 

Telefono dei pozgarriena: Procter&Gambletik deitu zidatenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak