IV. Literaturjauziak: modu entretenigarrian literatura herritarrei gerturatzeko asmoz

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 13a, 11:17

Literaturjauziak antolatu ditu AEDk laugarrenez, herritarrei literatura gerturatzeko. "Egiteko horretan erakargarritasunak garrantzia dauka, ahalik eta jende gehienarengana iristeko". Hala eman du aditzera euskara elkarteko Itxaro Artolak.

Hilaren 21ean aurreneko ekimenak egingo dituzte. Egin zure pelikula! tailerra eskainiko du Ibai Zangitu aretxabaletarrak. "Goizean, gidoiak eta muntaia nola egin irakatsiko du. Arratsaldean, berriz, parte-hartzaileek kalera irten eta film bat grabatuko dute". Izen-ematea AEDn egin behar da hilaren 19a baino lehen eta 10 euro ordaindu beharko da.

Egun berean, euskarazko liburu, DVD eta CD azoka egingo dute, Zahar-Berriren alde, Biteri plazaren eta Gazte Bulegoaren artean. AEDk, gainera, saiheski-erre jana prestatuko du, dirua biltzeko.

Hilaren 23an, liburu-askatzea (bookcrossing-a) egingo dute. Herrian zehar hainbat autoreren lanak utziko dituzte, "topatzen dutenek irakurri, gozatu eta berriz askatzeko". Aurretik antolatu izan dute, eta herritarrei adi-adi egoteko gomendioa egiten diete AEDtik, "liburuek dauden tokitik hegan egiten baitute".

Bestalde, zientzia fikziozko ipuin-antzezpena egingo du Mikel Martinez aktoreak hilaren 25ean. Denboraren korapiloa izeneko emanaldiak Stanislaw Lem idazlearen obrak ditu oinarri. Kulturaten izango da, 19:00etan, eta modu dibertigarrian ikus-entzuleek literaturaz gozatzeko aukera izango dute".

"Urriaren 3an, aldiz, literatura alde zaharrera eramango dugu. Herriko jendearen laguntza izango dugu. Hitz Ibiltariak ari gara antolatzen eta errezitaldi-antzerki moduko zerbait izango da, umorez jantzia. Azken ukituak ematen ari gara".

Amaitzeko, urriaren 9an Harkaitz Cano idazleak berbaldia egingo du Kulturateko areto nagusian, 18:30ean. "Kontakizuna eta Katarsia izenburua ipini dio, eta hark itxiko du Literaturjauzien egitaraua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak