Xabi Abasolo, podiumari eustera Bartzelonara

Xabier Urtzelai 2013ko irailaren 13a

Denboraldiko lehen zatian hankan izandako lesiotik errekuperatuta –Munduko Txapelketa lesionatuta korritu zuen–, Xabi Abasolok gogotsu ekingo dio urteko azken zatiari. Eta Bedoñakoak baditu horretarako motiboak, Espainiako Txapelketako podiumeko bigarren postuan egoteaz batera talde berria ere estreinatu berri duelako, Sherco.

"Duela hilabete Kantabrian korritu nuen –lasterketa irabazi zuen–, eta sentsazio onak izan nituen moto berriaz. Lehengoa ere oso moto ona zen, baina oraingo hau apur bat arinagoa da", diosku Abasolok. 

Kantabriako garaipenak konfiantza eman dio Arrasateko pilotuari, seguru, eta geratzen zaizkion hitzorduetan aurrean egon nahi du. Hala, domekan Bartzelonan lehiatuko da, baina urtea amaitzeko oraindik Galiziara eta Bartzelonara itzuli beharko da ostera, azarora arte iraungo duen txapelketan: "Urtean zehar izan ditudan arazo eta zailtasunak kontutan hartuta uste dut nazionaleko bigarren postua emaitza oso ona izango litzatekeela. Eta geratzen diren lasterketetan ahaleginduko naiz postu horri eusten". Lehenengo postuagatik galdetuta, Arrasatekoak ez du baztertzen oraindik ezustea ematea, baina onartzen du zail ikusten duela.

Sharco talde berriaz estreinua 

Aurreratu moduan, asteburuan estreinatuko da talde berriaz Espainiako Txapelketan, eta horrek ere gauzak ondo egiteko motibatzen du: "Ez naiz Sherco taldeko pilotu ofiziala, denboraldi erdian aldatu naiz taldez, eta oraingoz materialarekin laguntzen didate. Ikusi egin beharko da datorren urtean hor egon naitekeen, eta ze asmo duen taldeak. Baina, oraingoz pozik nago egin dudan aldaketarekin. Hori bai, emaitza onak lortzea lagungarria izango da, seguru". 

Bihar, entrenamendu saioak 

Arrasatekoa gaur bertan abiatuko da Bartzelonara, eta bihar, zapatua, entrenamendu saioak izango ditu, Puig-reig herriko zirkuituan. Lasterketa, ostera, domekan korrituko du. Eta ondoren atseden hartuko du, urrian izango duelako hurrengo hitzordua, Galizian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak