Iturripe eta Musakola ere, ikasturte berrirako gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 13a, 10:00

1977ko ekainaren 24an inauguratu zuten Musakolako kiroldegia. Iturripeko kirol guneko kantxa estalia berriagoa da, 1991koa. Bietan, herritarrendako zerbitzua zabaldu eta hobetzeko, hainbat obra egin izan dira eta obra horietako asko egiteko uda denboraldia aprobetxatu da, klub gehienek oporrak hartzen dituzte-eta.

Bada, aurtengo uda ez da salbuespena izan, Iturripen bereziki. Sabaia konpontzen aritu dira Freyssinet enpresakoak, itoginek eragiten zituzten arazoak ekiditeko. Baina ezusteko batek lanak zaildu zituen: abuztuaren 8an kantxako zati handi bat sabai gabe zegoenean euri zaparradak kalte handiak eragin zituen zoruan: "Kantxaren zati handi bat erabat altxatu zen eta dena jaso eta lehortzen utzi behar izan genuen", adierazi du Aukeak.

Iturripen, aspaldiko arazoekin

Arazoak arazo, atzo ezkero erabilgarri dago Iturripeko kantxa. Hori bai, Aukearen arabera, aspalditik datorren zoru azpiko hezetasunaren arazoa ez da erabat konpondu. Hezetasun horrek kantxaren zoladura mugitzen du, koska batzuk sortuz: "Soluzioa ez da erraza eta ez da merkea. Hori aurreratu digute, zifrarik aipatu gabe, baina esan digute inbertsio handia dela. Horregatik udan kantxa ahalik eta ondoen uzten saiatu gara".

Musakolan, harrera berria

Bestalde, ikasturte berria harrera zerbitzu berriarekin hasi dute Musakolako kiroldegian. Itxura berria emateaz gain, orain arte lehen solairuan zegoen bulegoa behera jaitsi dute. Hau da, erabiltzaileek bulegoan egin beharreko tramite guztiak harreran egin ahalko dituzte aurrerantzean; ikastaroetan izena eman eta abonatu txartela eguneratu, esaterako. Zerbitzu "hobea, gertukoagoa eta erosoagoa" ematea izan da lanon helburua. Harrera txukunago uzteko beste lan batzuk ere egingo dituzte. Era berean, erabiltzaileak asteon hasi dira barruko igerilekuak erabiltzen.

Ate irekiak, "probatzeko aukera ona"

Astelehenetik atzora arte ate irekiak izan zituzten Musakolan. Ikasturte berriari begira prestatu duten eskaintzaren berri emateko egunak izan dira. Spinning, pilates, body pump, body balance, aquagym eta beste hainbat ikasteko probatzeko aukera izan dute herritarrek, doan. Martitzenean body pump ikastaroan parte hartu zuenetako batek esan zigunez, halako saioak "probatzeko aukera ona" dira. 2013-2014 denboraldirako matrikulazio epea zabalik dago eta izena emateko nahikoa izango da kiroldegiko harrerara jotzea, goizez zein arratsaldez. Eskaintzaren berri izateko Udalaren webgunea bisitatzeko aukera dago: www.arrasate-mondragon.org.

(Ate irekietako body pump ikastaroa, martitzenean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak