Mondragon Korporazioari "Fagor Etxetresnen egoeraz ardura dadila" eskatu dio Ahots Kooperatibistak

Leire Kortabarria 2013ko ira. 12a, 02:00

Fagor Etxtresnek 66,8 milioiko galerekin itxi zuten urteko lehen seihilekoa. Emaitza horien harira, Ahots Kooperatibista mugimenduak Mondragon Korporazioari Fagor Etxetresnen "egoeraz arduratzea" eskatu dio.

Ahots Kooperatibista mugimenduak prentsa-oharra kaleratu du, Fagor Electrodomésticos: kooperatibismoarentzako solidaritate eta azterketa garaia izenburuarekin. Bertan, "estutasunetik irteteko enpresa zuzentzeaz, kudeatzeaz eta ekonomia eta finantza-baliabideak lortzeaz" ardura dadila eskatzen dio Mondragon Korporazioari.

Mugimendu horren iritziz, "salbazioa izan behar zuen Industria Planak ez dirudi emaitzarik ematen duenik; aliantzak ez dira gauzatu, salmentek behera egin dute eta Poloniako ekoizpenak ez ditu eman espero ziren marjinak. Produktu izarrek, sukaldeek, marjina handiak ematea espero zen arren, horiek behera egin dute nabarmen. Finantzazioa lortzeko eta zorrei erantzuteko gaitasuna gero eta txikiagoa da. Gero eta lanpostu gutxiago geratzen dira, eta bizirauteko, aparteko ordainsariak eta Ekarpenen eta Kapitalen interesak kentzea ez dirudi nahikoa denik". Eta hau gaineratzen du: "Aparteko ordainsaria kentzeko eta gainerako erabakiak Kontseilu Errektoreak hartu ditu, Kapital-enpresa bateko Administrazio Kontseilua balitz bezala, bazkideen Batzar subiranoari galdetu gabe. Hori onartezina da!"

Ahots Kooperatibistak Deloitte auditoretza-enpresaren balorazioak aipatzen ditu; horien arabera, "aktibo zirkulatzailea ez da pasibo zirkulatzailea estaltzeko gai". Horrek guztiak, Ahots Kooperatibistaren esanetan, Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsotik gertu egon daitekeela esan nahi du.

Ondorio gisa, Ahots Kooperatibistaren iritziz, Mondragon Korporazioaren "garaia da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak