Abonatu kopurua mantendu dute eta hori, Aukearen ustez, albiste pozgarria da, batez ere egoera ekonomikoa zein den ikusita: "Balorazio ona egiten dugu, eguraldiak lagundu duelako eta jende asko ibili delako eta eman diren intzidentziak bere garrantzia izan arren, atzera bueltarik ez duen gertaerarik ez dugulako izan", gaineratu dute Aukeakoek.
Bi istripu aipagarri
Gertaera aipagarrien artean bi istripu nabarmendu behar dira: eroriko baten ondorioz gazte batek lesio larri bat izan zuen belaunean eta beste bati sudurra hautsi zion lagun batek nahi barik, uretara jauzi egiterakoan. Bi egun horietan anbulantzia eskatu behar izan zuen sorosleak.
Igerilekuetan arriskua "handia" dela diote arduradunek: "Horrenbeste haur egoten den leku baten arrisku egoerak sahiestea ia ezinezkoa da. Intzidentzia larririk egon ez delako eta batez ere uztailean oso eguraldi ona egin duelako pozik gaude. Jendea gustura ibili dela uste dugu". Igerilekuaren edukiera –hiru igerilekuetan, guztira, 860 lagun sar daitezke– handia izan arren, zelaian egoteko leku gutxi dagoela dio erabiltzaile batek baino gehiagok baina zelai hori zabaltzeko "aukera gutxi" dagoela dio Aukeak.
Amaitzeko, aditzera eman dute igerilekua hustu egin behar izan zutela zenbait alditan, trumoiengatik edota beste arrazoi batzuengatik.
Barrukoak gaur irekiko dira
Udako kanpaina atzo amaitu zen eta horrek esan gura du gaur bertan irekiko dituztela barruko igerilekuak. Astelehenetik egubakoitzera 07:00etatik 22:00etara egongo dira zabalik eta aste bukaeretan, berriz, 09:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.