Zahar-Berri laguntzeko materiala biltzen ari dira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 9a, 12:21

15 urte dira Debagoienean mintzapraktika egitasmoak martxan ipini zirenetik. Ekimen horietan, euskara ikasten ari direnek edo euskara jakin arren erdi ahaztuta daukatenek, hizkuntza  praktikan ipintzeko aukera dute. Baina azken urteetan diru-laguntzetan eman diren murrizketen eraginez, beste finantzazio bide batzuk bilatu behar izan dituzte. Eta Arrasateko Zahar Berri taldea da horren adibide garbia.

Hala, pasa dira urte batzuk Arrasateko Zahar-Berri programak bigarren eskuko azoka antolatzen duenetik. Dirua biltzea du helburu eta aurtengoa hilaren 21ean egingo dute. Uda aurretik hasi ziren materiala biltzen, baina ikasturte hasiera aprobetxatu gura dute bilketa indartzeko. Euskarazko CD, DVD eta liburuak ari dira jasotzen eta ekarpena egin gura duten herritarrek hilaren 19ra arte eraman dezakete materiala AEDren Pablo Uranga kaleko egoitzara.

Taldea osasuntsu dago

Maitena Arana AEDko teknikariak Zahar-Berri programa osasuntsu dagoela azaldu digu: "Badago mugimendua, taldea poliki-poliki handitzen doa".  Euskaltegietara begira lan egiteaz gain, Helduen Hizkuntza Iraunkorrera, Emakume Txokora, ospitalera... begira egiten dute lan: "Taldeak mantentzen dira eta apurka-apurka jende berria ere badator. Ikusten da behar handia dagoela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak