Surf estiloa nagusi izan arren western, swing edo garaje ukitu nabarmena duten hamar abestik osatzen dute Los Galerna talde arrasatearraren hirugarren diskoa. Eta nahasketa hori adierazi guran Akelarre izena jarri diote atzo Arrasateko Taupa tabernan aurkeztu zuten lanari.
CDan eta biniloan
Taldea osatzen duten bost kideak maiatza amaieran sartu ziren Beasaingo Pottoko estudioan, eta bi egun eta erdi behar izan zituzten diskoa grabatzeko. Ekoizpenari dagokionez, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin elkarlanean ibili dira: taldeak hartu ditu bere gain grabazioaren gastuak; zigiluak, kopiena: denera 500 CD eta beste horrenbeste binilo. Diseinua, Jagoba Domingo taldeko gitarrak egin du.
2008 urtean elkartu zen taldeak bi urte beranduago atera zuen lehen lana, En el purgatorio; eta iaz argitaratu zuen bigarrena, Surfusion izenekoa. Zerk ezberdintzen du lan hau aurrekoetatik? "Disko honek saxoak ematen dion swing ukitu handiagoa dauka. Aurreko lanean, abesti asko eginda zeudela sartu zen saxoa (Ibai Akizu) taldean. Oraingo honetan baina, hasieratik egon da taldean eta abestiak idazteko orduan zati garrantzitsua izan du" erantzuten dute Los Galernakoek.
Disko batetik bestera aldatu ez den ezaugarria da abesti guztiak instrumentalak direla. "Abestiak konposatzea denok batera egiten dugun lana da. Norbaitek ideia planteatzen du, eta gero, oinarri horren inguruan lan egiten dugu" azaltzen dute. Eraginen inguruan galdetuta, asko dituztela diote: "Jokin Vitoria (bateria-jotzailea), esaterako, musika ikasten dabil, eta soul eta funky estiloen eragina izan dezake; beste batek rockabillyrantz jotzen du...".
Zuzenekoetan; Arrasateko Dat, Iluntz eta Taupa tabernetan; eta Gaztelupeko Hotsaken webgunean eskuratu daitezke dagoeneko diskoak.
Aurkezpena etxean
Udan Mexikon egindako hamabi kontzertuko biraren ostean asteburuan eman dituzte diskoa aurkezteko lehen bi emanaldiak Euskal Herrian: egubakoitzean Bilbon jo zuten, eta atzo, Arrasaten. Eta herrikideak disko berriko doinuak bertatik bertara entzuteko gogoz zeuden antza denez, izan ere Taupa taberna kanpoan eman zuten kontzertua, eta jende asko erakarri zuten bertara.
Bigarren diskoko pare bat doinuk ireki zuten kontzertua, eta ondoren disko berria jo zuten osorik. Lehenengo diskoko beste bi doinu etorri ziren osteon, eta kontzertua amaitzeko, Lost Acapulco, Ennio Morricone eta Johnny and the Hurricanesen abesti bana bertsionatu zituzten. Kontzertu indartsua izan zen, ia atsedenik gabekoa. Kostata bada ere, ikusleak apurka apurka mugimenduan jarri zituzten, eta gurean, hori ez da gutxi!