Hamargarren Merkemerkaua ere, arrakastatsua

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 9a, 17:43

Askotariko Arrasateko 38 komertziok kalera eta prezioak murriztuta atera dituzte euren produktuak zapatuan. Eguraldia lagun izan ez arren, dendariak gustura daude salmentekin.

Beste behin, eta dagoeneko hamargarren aldiz, Arrasateko Ibai Arte dendarien elkarteak antolatutako Merkemerkaua egin dute gaur herriko kaleetan. Askok euren denda aurrean jarri dituzte merkatutako produktuak, baina Biteri plazan eta Herriko Plazan ere egon dira hainbat merkatari. Eguna animatzeko gainera, goizean trikitilariak eta arratsaldean erraldoiak ibili dira kalez kale.

"Badirudi balbea daukagula: Merkemerkaua kalean egiten dugun laugarren aldia da, eta lautik hirutan euria egin digu!" zioen Ibai Arteko zuzendaritzako kide den Angel Alonsok gaurko egunaren inguruko balorazioa egiterakoan, baina gaineratu du, euriak euri, herritarrek erantzun dutela: "Ezin gara kexatu!"

Gainerako dendariak ere pozik zeuden. "Jendea animatu da" zioen Gili-Giliko Nerea Gonzalezek eta gaineratu du dendariendako aukera ona dela orain arte saldu ez diren produktuak saldu ahal izateko. Loramendiko Itziar Uriartek bere aldetik, horrelako egunetan jende gehiago ibiltzen dela azpimarratu du: "Bestela ere egiten ditugu merkealdiak; baina horrela, denok batera kalera aterata, jende askoz gehiago mugitzen da".

Erosleak, mauka bila

Arrasatearrak, beraz, ibili dira han hemenka mauken bila, eta baita beste herri batzuetakoak ere, Mari Jose Lasgabaster kasu: "Gu aretxabaletarrak gara, eta bagabiltza begira. Ibiliz gero gainera, beti erosten da zerbait!" zioen. Eta erosketak etorkizunera begira egin dituenik ere egon da: "Maritxu Kajoirako poltsa erosi dut hamabost eurotan" zioen irribarretsu Sara Etxebarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak