‘Eraso inperialistarik ez! Ez Sirian, ez inon’ lelopean, elkarretaratzea egin dute Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 6a, 22:59

Hainbat lagun batu dira Arrasateko Herriko Plaza Nagusian, Arrasateko Gaztetxeak, LABek, Askapenak, Ernaik eta Sortuk egindako deialdiari erantzunez. Salatu dute, Siriaren aurkako eraso berri honen aurrean, potentzia "kapitalista eta inperialistek" ez dutela "giza eskubideak, ongizatea eta demokrazia babesteko inongo asmorik" eta Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren "interesak babesteko eraso bat" baino ez dela.

Askapenako Xabi Llodiok adierazi du Siria ez dela eraso hau jasan duen herrialde bakarra, azken urteetan Libian sartu direla, eta asmoa zutela Somalia, Sudan, Libano eta Egipton ere sartzeko, eta eraso inperialistatzat jotzen dutela "potentzia inperialista eta kapitalisten saiakera bat" delako "euren nagusitasuna munduan ezartzeko".

"Amerikako Estatu Batuak ez dira inor interbentzio militar hau aurrera eramateko Siriak arma kimikoak erabili izanaren aitzakipean, eurak izan baitira arma kimikoak erabiltzen nagusi mundu mailan historikoki", azaldu digu. Eta horri gehitu dio eurek ez dutela datu zehatzik eta ez dakitela Siriako gobernuak arma kimikoak erabili dituen, baina Arrasaten egindako kontzentrazioa ez dela izan Bashar Al-Asaden gobernua eta erregimena babesteko, eraso "inperialista" hau salatu eta Siriako herri langilearekin bat eginda joko "makabro" hau salatzeko baizik.

"Sistema politikoa erabat hankaz gora"

Erasoarekin aurrera egingo ote duten galdetuta, Askapenatik ez dute zalantzarik: "Bada denbora bat Siria erasotzen hasi zirela maila militar, kultural eta politikoan, eta orain beste pauso bat ematera doaz. Uste dugu inperialismoa momentu aproposaren zain dagoela eraso hau aurrera eramateko, eta unea iristen denean aurrera egingo dutela". Jada nahiko desestabilizatua dagoen sistema politiko bat erabat hankaz gora jartzea eta euren nagusitasuna zonalde horretan jaun eta jabe egitea ekarriko luke eraso horrek, euren esanetan.

"Askapenatik eta Euskal Herritik egin behar duguna da potentzia inperialista hauek salatu eta Espainia eta Frantziaren –NATO barruan egonik eta gure herria zapaltzen dutela kontuan izanik– jokaera salatu, baita AEBena, Europako Batasunarena eta Erresuma Batuarena ere", gehitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak