Markos Untzetak zabalduko du gaur 'Kulturate Akustikoak'

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ira. 6a, 16:46

Iraileko kultura eskaintza Kulturate Akustikoak kontzertu bildumarekin hasiko dute gaur Arrasaten. Aurtengoa bosgarren edizioa da eta aurrekoetan moduan, Seber Altube plazan dagoen Kulturateko areto nagusia musika areto bihurtuko du Arrasateko Udaleko Kultura sailak. Bost kontzertu izango dira, bi asteburutan banatuta: oraingoan eta hurrengoan. Guztiak doan eta 20:00etan.

Entzule zein musikarien aldetik aurreko edizioek izan duten erantzun onak bultzatuta antolatu dute gaur hasi eta irailaren 15ean amaituko den aurtengo edizioa, Karmelo Alberdi, kultura teknikariaren esanetan: "Musika ezberdina da; sarritan gurean izaten ez diren musika estiloak entzutera animatuko nuke jendea".

Formatu txikikoak eta lasaiak

Urte osoan ibiltzen du Alberdik jaialdia buruan eta interesgarriak iruditzen zaizkion izenekin zerrenda bat osatuaz doa. San Juanak inguruan hasten da kontaktuak egiten eta aurrekontuaren zein behar duten baliabideen arabera egiten du gero puzzlea."Gutxitan ekartzen ditugu biran dabiltzan taldeak noiz edo noiz tokatu izan den arren. Aurrekontu mugatua izan dugu beti, 9.000-10.000 euro ingurukoa eta aurten ere horrela da, hastapenetatik dugun asmoa izan da-eta diru askorik ez gastatzea. Formatu txikiko emanaldiak dira" dio Alberdik.

Akustiko moduan bataiatuta

"Ordubete inguruko emanaldiak izaten dira eta jarrita lasai entzutekoak" gaineratu dute Kultura sailetik. Kontzertu bildumak Akustikoa izena duen arren, egon izan dira anplifikadore edo instrumentu elektrikoak erabiltzen dituzten taldeak ere, Audience taldea, esateko. "Helburua azken finean da, folk pop kutsua lantzen duten taldeak gurera ekartzea, hau da, sarritan musika zirkuituetatik kanpo geratzen diren taldeei lekua eginez horrela".

Aurtengo egitarauak, Euskal Herriko musikariak batu ditu batetik: Markos Untzetak zabalduko du gaur, aurtengo edizioa eta Igelaren Bandak taldeak berriz itxiko du, irailaren 15ean. Tartean joko duten gainontzeko hiru taldeak, Estatutik datoz, atzerriko taldekideak badituzte ere. "Diouke taldea Valentziatik dator, Senegalgo eta Frantziako kide bana baditu ere; bihar izango diren Olivenza taldea, berriz, Extremadurako eta Portugalgo  bi musikarik osatzen dute eta hurrengo egubakoitzean, irailaren 13an etorriko den Soledad Vélez, ostera, Murtziatik dator, taldeari izena eman dion abeslaria jaiotzez Txilekoa den arren" azaldu du kultura teknikariak.

Kulturate Akustikoak ekimenak gehienbat adin batetik aurrerako entzuleak batu baditu ere, edozeini gustatzeko moduko taldeak direla diote antolatzaileek, gazteei ere luzatuz gonbidapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak