Haier enpresarekin joint venturea egin dute Fagor Etxetresnek

Leire Kortabarria 2013ko ira. 6a, 02:00

Txinako Haier enpresarekin elkarlan-akordioa egin eta joint venturea sortu du Fagor Etxetresnak kooperatibak. Polonian lantegia irekiko dutela iragarri dute Berlingo IFA azokan egin duten prentsaurrekoan.

Fagor eta Haierren helburua da sektoreko erreferente bihurtzea. Joint venture honetan Haierrek % 51ko partaidetza izango du eta Fagor Etxetresnek % 49koa eta akordioan Poloniako Wroclaw hirian hozkailuak ekoizteko planta berria eraikitzea, ustiatzea eta garatzea aurreikusten da.
 
Fagorrek Polonian duen parke industrialean egingo duten planta berriak urtero 500.000 unitate ekoiztu ahal izango ditu lehen fase batean, eta milioi bat unitate, hurrengo bost urteetan. 56 milioi euroko hasierako inbertsioa partekatuta, akordio horri esker, etxetresna elektrikoen sektorean lehen postuan dagoen Haierrek Europan duen posizionamendua hobetu ahal izango du eta etxetresna elektrikoen instalazio libreko lehen bost marken artean kokatzea espero du 2016rako. Fagorri dagokionez, akordio hau konpainiak bere 2013-2016 Plan Estrategikoan jasotzen duen hazkunde-planean sartzen da.

Abantailak biondako

Lantegia estrategikoki kokatuta dago etxetresna elektrikoen Europako lehen ekoizlea den herrialdean, Polonian, alegia, eta Haierren “Three-in-One” egitura operatiboaren zutabe nagusia bilakatuko da. Honen bidez, Haierren ikerketa- eta garapen-lantaldeak, ekoizpenekoekin eta marketinekoekin batera, bere salmenta-esparruetara gerturatu ahal izango ditu, Nurembergen (Alemania) kokatutako I+G-ko zentroaren, Polonia eta Italiako ekoizpen-planten eta Parisen zentrala izan arren tokian tokiko egoitzetan zabaltzen den marketin-lantaldearen bitartez.
 
Haier eta Fagor, biak ala biak, izango dira sektore honetan aitzindaria den joint venture honek eragindako sinergien onuradun. I+Gko taldeek elkarlanean jardungo dute sektoreko produktu berritzaileen garapenean, eskala-ekonomiak maximizatuz, produkzio-bolumenen eta lehengaien eta osagaien erosketen bateratzean oinarrituta.

Fagor, Europan eta Asian lehiakorrago

René Aubertinek, Haierrek Europan duen presidente eta zuzendari orokorrak, adierazi zuen bezala: “Epe luzeko aliantza hau Haierrek Europan duen anbizio handiaren erakusgarria da. Fagor ezinbesteko aktorea da Linea Zuriko etxetresna elektrikoen arloan eta, era berean, aditu industriala. Atsegin handia hartzen dugu, bezeroari kalitate bikaineneko produktuak eskaintzeko bidean, gure indarrak eurenekin bateratuta.”
 
“Akordio honek gure konpainiaren nazioarteko proiekzioa finkatuko du, izan ere, gure merkatu estrategikoetan haztea ahalbidetuko dizkiguten aliantzen aldeko apustua sendotzera dator”, baieztatu zuen Sergio Treviñok, Fagor Etxetresnak Taldeko zuzendari orokorrak. “Oso gustura gaude Haier bezalako mundu mailako lider batekin elkarlanari ekitearekin, jakin baitakigu honek indartu egingo duela merkatu europarretan eta asiarretan dugun lehiakortasuna”, gaineratu zuen.
 
Hozkailu-lantegiaren 2013ko irailean hasiko da eraikitzen eta 2014ko ekainerako operatibo egotea espero da.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak