Elkarretaratzea egubakoitzean, 'Eraso inperialistarik ez, ez Sirian ez inon' lemapean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 4a, 17:21

Arrasateko gaztetxeak, LABek, Askapenak, Ernaik eta Sortuk antolatuta, elkarretaratzea egingo dute 'Eraso inperialistarik ez, ez Sirian ez inon' lemapean. Egubakoitzean izango da, hilak 6, Herriko plazan (19:30). Albiste barruan duzue deitzaileek kaleratu berri duten komunikatua.

Arrasateko gaztetxeak, LABek, Askapenak, Ernaik eta Sortuk egubakoitzeko elkarretaratzea dela-eta kaleratu duten komunikatua:

"AEB, eta Frantzia buru direla, inguruko indar atzerakoien babesarekin (Turkia, Qatar, Saudi Arabia, Israel eta Jordania) eta estatu, nahiz instituzio kapitalista europarren laguntzarekin, abiarazi berri duten eraso militar honen aurrean, Askapenak honakoa jakinarazi nahi luke:

Interbentzio militarrek (Libia, Irak, Afganistan) inoiz ez dituzte baliatzen ongizate orokorra, demokrazia eta giza eskubideak defendatzeko. Bai ikuspegi teorikotik begiratuta eta baita ikuspegi historikotik begiratuta ere, esan dezakegu inoiz ez dituztela arrazoi humanitarioak defendatu interbentzio militarrekin. Inoiz ez dute egin eta inoiz ez dute egingo, arrazoi sinple batengatik. Inperialismoak babesten dituen erregimenak logika zapaltzailean eta dominatzailean oinarritzen direlako eta potentzia kapitalistak direlako sistema horiek eragiten duten egoeraren lehenbiziko onuradunak.

Inperialismoak bere beharizan eta indar korrelazioaren arabera darabiltza modalitate desberdinak:

• ekonomia mailan: Herrietako baliabideen lapurreta eta lan eskuaren gain esplotazio isila gauzatzen da transnazionalen bitartez.
• maila politikoan: ezegonkortze saiakerak burutzen dituzte txantaia eta presio bitartez, politikoki nahiz ideologikoki lerrokatu gabeko herrien aurka.
• maila militarrean: esku hartze militarrak zuzenean nahiz zeharka egiten dituzte intentsitate altu nahiz baxuko gerra inperialistak probokatuz.
• Kultura nahiz ideologia mailan: Esku hartze humanitarioen aldeko diskurtso zinikoak eginez, komunikabide nagusien bitartez, gezurretan oinarrituriko propaganda makinaria izugarria lagun.

Siriako Errepublika Arabiarraren aurkako erasoak ageriko helburu estrategiko bati erantzuten dio: Ekialde Hurbil Berria-ren birmoldaketari, alegia. Honela, hondamendi eta kaosaren bitartez inguruko herrien burujabetza oro ezereztatu nahi dute. Besteak beste, Inperialismoak berak esana du 2011ko irailean hain zuzen, Wesley Clark-ek (AEBtako Jeneral ohia eta Kosoboko gudan NATOko buru gorena izan zena) eginiko adierazpenen bitartez, zein herrialdetan leudeken datozen esku hartze militarrak: Irak, Libia, Siria, Libano, Somalia, Sudan eta Iran. Honela beraz, oraingoa, kontakizun makabro baten kapitulu berri bat litzateke.

Inperialismoak eta bere morroiek Siriaren aurka zuzenean egiteko arrazoi nagusiak honakoak liratezke: Alde batetik, Siria ez dago lerrokatua sionismoaren ardatz inperialistarekin, eta Iran, Hizbula edo Palestinarekin ditu harremanak.
Bestetik, gas erreserba garrantzitsuak ditu bere lurpean eta mendebalderantz gasaren garraiorako korridore estrategikoan dago kokatua. Gainera, Asiako potentzien aurrean(Errusia edo Txina Kasu) tokia hartzea dagokio mendebaldeari, balizko liskarrei begira. Ezin aipatu gabe utzi ordea, duela bi urte baino lehenagotik, gatazka piztu zen unetik, potentzia inperialistak eta euren aliatuak, zeharka bada ere, esku hartzen ari direla Sirian; aholkularitza, armak, mertzenarioak eta azpiegiturak eskainiz oposizioko sektore armatuko talde atzerakoienei.

Honela beraz, eraso inperialista berri honen aurrean Siriako herri langileari eta inguruko herri langileei egin diezaiekegun elkartasun ekarpenik eraginkorrena inperialismo espainiar, frantziar eta europarra irmoki salatzea da.  NATOren baitan egonik, ez baitituzte ez hemen eta ezta han ere, herri langileen oinarrizko eskubide kolektibo zein indibidualak errespetatzen.

Euskal Herri internazionalista eraikitze bidean gure ahalegina areagotzea dagokigu, sistema kapitalista inperialista salatuz, maila ekonomiko, politiko zein militarrean.

Eraso inperialistarik ez!
Gora Siria!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak