Musika, parrillada eta manifestazioa Arrasateko Elkartasun Egunaren osagai nagusiak

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 3a, 23:03

Urtero legez euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien eskubideen aldarrikapena ardatz izango duen Arrasateko Elkartasun Eguna irailaren 14an, zapatuan, egingo dute. Antolatutako ekitaldien artean, herriko hainbat tabernatan joko duten hemezortzi musika talderen kontzertuak daude.

Alor eta adin ezberdinetako jende ugari bildu da gaur arratsaldean Arrasateko Kulturaten egin duten aurtengo Elkartasun Egunaren aurkezpenean.

Aurten ere euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien eskubideen aldarrikapena izango du ardatz Elkartasun Egunak, eta zentzu horretan, antolatzaileek aipamen berezia egin diote euskal presoek bizi duten espetxe politikari. Hala, Espainia eta Frantziako kartzeletan dauden 700 preso ingururen dispertsioa salatu dute; eta gaineratu, gaixotasun larriak dituzten hamalau presok eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenek kartzelan jarraitzen dutela.

197/2006 doktrinaren harira, adierazi dute Espainiak doktrina aplikatzen jarraitzen duela, eta gogora ekarri dute doktrina aplikatu zaien 70 presoen artean hiru arrasatear daudela: Luis Mari Azkargorta Kanto, Jesus Mari Zabarte eta Xabier Urizar Gautxori.

Hainbat aldarrikapen ere egin dituzte gaurko aurkezpenean, hala nola, euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea; gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea; eta 197/2006 dokrtina behin betikoz amaitzea. Aipamen berezia egin diote era berean Txus Goikoetxea preso arrasatearraren egoerari. Salatu dute Sevillako espetxera bisitan joan zitzazikion lagunei bisita ukatu izanagatik protesta gisa plantea egin zuela Goikoetxeak, eta zigor moduan aislamendu egoera aplikatu diotela.

Irailaren 14rako egitaraua

Irailaren 14an egingo den Elkartasun Egunaren egitarauari dagokionez, 12:00etan Biteri plazan egongo diren umeen jolasek eta tailerrek emango diote hasiera egunari.

14:00etan parrillada herrikoia egingo dute Biteri plazan bertan. 130 pertsonarendako parrillada izango da eta sarrera lekuan bertan eskuratu ahalko dira 5 euroren truke.

Arratsaldean musika izango da potagonista. 17:00etan hasita, estilo askotariko hemezortzi taldek joko dute herriko hainbat tabernatan. Besteak beste, Lukas Prest!, Herstura, Kilauea, The Convicts, Estandarte eta Fly Shit bezalako taldeek eskainiko dituzte kontzertuak.

20:30ean manifestazioa egingo dute Seber Altube plazatik abiatuta, eta 21:30ean Berebille Swing taldeak kontzertua emango du plazan. Eta gauean ere, musika izango da protagonista: 22:30ean hasita, Dirty Kontrol Brothers, Kañeria 13 eta Anger Dualde eta Hapa Hapa taldeek joko dute. 5 euro ordaindu beharko da azken kontzertu hauek ikusteko.

Aurtengo Elkartasun Eguneko kamisetak eskuragarri daude dagoeneko Iluntz tabernan, eta egunean bertan ere erosi ahalko dira. Parte hartzeko txartela erosten dutenen artean gainera, Arrasateko dendariek emandako opariak banatzeko zozketa ere egingo dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak