Arrasateko kulturaren parte historiko bat berreskuratzeko, Goikobaluko erromerixie

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko ira. 3a, 21:51

Hilaren 14an, Goikobalun, Arrasateko ohitura zahar bat berreskuratuz, erromerixie egingo dute. Zuztarrak Errotuz taldeak antolatu du erromerixie, herriko zenbait talde eta Udalarekin batera. Gaur arratsaldean egin dute egunaren aurkezpena eta bertan hauxe esan du Kepa Urteaga kultura zinegotziak, besteak beste: “Ekimen hau eredugarria da bi arrazoigatik: Arrasateko kulturaren parte historiko bat dakarrelako XXI. mendera, eta gainera, herriko talde ezberdinak auzolanean jarri dituelako ekimen honek”.

Kepa Urteaga zinegotziak hauxe gaineratu du: "Arrasateko Udaleko kultura sailaren lehentasunetako bat da horrelako ekimenak bultzatzea, izan ere, hilabeteroko eskaintzak garrantzia handia badu ere, herriko historia eta ohiturak dira gure kulturaren oinarri, eta horiek deskubritzea, berreskuratzea eta indartzea Udalaren lana ere bada".

Xabier Zubizarreta Zuztarrak Errotuz taldeko kideak, bestalde, azaldu du euren helburu nagusia dela ospatu egiten zela jakin zuten erromeria bat berreskuratzea. Eta gaineratu du demostratu izan dela Arrasateko herriarendako Goikobaluko inguru hori erreferente bat izan dela urte askotan eta gauza ezberdin askotarako. Beste hau ere adierazi du Zubizarretak: "Guk nahiko genukeena da erromeria honen bidez, Goikobaluko inguru hori herriarekin gehiago lotzea eta herritarrendako eta herriarendako erreferente bat bihurtzea; ezagunagoa, erabiliagoa eta familiarragoa. Horretarako, erromeria hau urtean behin behintzat ospatzea nahiko genuke".

Hilaren 14ko egitaraua

Egun osoko egitaraua prestatu dute: 12:00etan, kalejira, Seber Altubetik; 13:00etan, Goikobalura igoera, Herriko Plazatik; 13:45ean, txalaparta, bertsolariak, dantzak, sagardoa, taloak...; 15:00etan, bazkaria norberak eramandakoarekin, kantak, trikitixa, bertsoak, jolasak, dantzak...; 18:00etan, Goikobalutik jaitsiera Herriko Plazara; eta jarraian, berbena.

Zuztarrak Errotuz taldekoek Udal artxibotik hartutako antzinako bi argazki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak