Ostera ere eroriko bat. Lurrera. Bapateko mina, baina aurrera jarraitzeko nahia. Beste batzuetan ezin izan du bizikleta gainean metro bat gehiago egin. Atzo bai, 10. etapako azkenaurreko mendatea jaisten ari zela estolda baten erruz joan zen lurrera. Berriro ere estolda madarikatu bat. Hala ere, bizikleta gainera igo eta Azallanasko gaina igotzeko gauza izan zen, kirol honetako protagonistek erakutsi ohi duten sufrimendurako gaitasunaz. Mendate gogor bat igo zuen lesionatuta, Hornerrek ostera mailot gorria jantzi zuen mendate berbera.
Baina helmuga gurutzatuta, lasterketa jarraitzen duten kazetariak berehala ohartu ziren lesioaren larritasunaz, Velasco oinez ibiltzeko gauza ere ez zelako. Anbulantzian egin zioten lehenengo azterketa, eta ospitalean etorri zen konfirmazioa. Bertan behera utzi behar lasterketa, lesio larria zen-eta. Hala, Vueltak atseden egunean Granadatik Zaragozarako bidaia egin ostean, Arrasatekoari Zaragozako ospitalean bertan egingo diote ebakuntza, gaur arratsaldean bertan.