'Spanish songs in Andalucia, oh mi corazón'

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko abu. 29a, 11:00

Ezagutu beharreko lekua da Almeriako Cabo de Gata Natura Parkearen ingurua. Behin ezagututa errepikatzeko modukoa denik ez dut esango, errepikatu aurretik asko dagoelako ezagutzeko. Ez ditu hondartzarik ikusgarrienak, garbienak eta erosoenak, baina parajeak eta herritxoek merezi dute. Itsasoa eta basamortua eskutik helduta, eta erdian herrixka zuriak. Ederra.

Banekien, gainera, Joe Strummer The Clash taldeko buruak han egin zituela hainbat uda; Strummer-ek han bizitakoak ezin hobeto kontatzen ditu 'Quiero tener una ferretería en Andalucía' dokumentalak. 2002an hil zenetik, abuztuaren 21ean, haren urtebetetzea ospatzeko San Josen elkartzen dira lagunak eta senitartekoak, urtero. Jai horretan izan ginen bidaia borobiltzeko, eta jaiaren parte izaten amaitu genuen...

Mojacar herria, ederra

Hilaren 10ean utzi genuen Arrasate Mojacar herrian ostatu hartzeko. Ederra herria, muino baten inguruan eraikia eta Andaluziako herri tipikoen ezaugarriak dituena. Trago bat hartu edo afaltzeko hamaika terraza eder, eta jendea bai, baina larregi ez. Mojacar hondartzan, berriz, hotel, apartamentu eta turistendako egokitutako guneak. Bisitatu genuen noski, baina gusturago egon ginen herrian. Mojacar hondartzan gomendatzekoa El Patio 2000 txiringitoa, are gehiago zuzeneko musika egoten bada.

(Kontzertua El Patio 2000 txiringitoan)

Hiru lagun joan ginen, lasai-lasai ibili eta zonaldea ezagutzeko asmoz. Bisitatu genituen hondartza eta kalen artean Los Muertos hondartza eta El Toro eta La Higuera kalak nabarmenduko nituzke. Beste asko bisitatzeke utzi genituen, lehen aldian ezin da-eta dena ikusi.

 

(El Toro kala, goitik eta bertatik)

(Los Muertos hondartza)

Cabo de Gatako Natura Parkearen inguruan dauden herrixka guztiak dira bisitagarriak. Kostaldean edo kostaldetik oso gertu daudenak bisitatu genituen guk: Las Negras, La Isleta del Moro, Los Escullos, Rodalquilar eta San Jose. Eta ziur baten bat ahaztu zaidala...

(Las Negras herrixkako hondartza)

(Itsasertza, La Isleta del Moro eta Los Escullos herrixketatik gertu)

Zorionak Strummer!

San Josen egin genuen azken geldialdia, hilaren 20an. Zertarako? Joe Strummer-endako lekurik kutunena –haren emazteak esana– izan zena bisitatzeko: Jo-ren taberna. Banekien The Clash taldeko buruak Londrestik ihes egin zuela Andaluzian lurreratzeko. Ospetik ihes, anonimotasunaz gozatzeko. Entzunda edo irakurria nuen hil zenetik, 2002tik, urtero omenaldi bat egiten zitzaiola Almerian. Horiek guztiak eta Strummer-en hainbat bitxikeria jasotzen ditu 'Quiero tener una ferretería en Andalucía' dokumentalak. Gomendagarria, erabat.

23:30ak aldera heldu ginen Jo-ren tabernara, Richard Dudanski Strummer-en lagun eta 101'ers taldeko –The Clash taldeko abeslariaren lehen taldea– bateria jolearen azalpenei esker. Desertuaren erdian dago taberna, seinaleztatu barik. Lekuak izugarri merezi du, ez da harritzekoa Strummer berak ere ia egunero han amaitzea...

Heldu ginenerako aparkalekua ia beteta zegoen; Strummer-en omenezko jaia egun seinalatua da Jo-ren tabernan. El Doghouse taldeak –Tom Lardner eta Richard Dudanski buru– kontzertu ederra eta berezia eskaini zuen, hainbat kolaboraziorekin. Gu, tartean...

(Asier Salarekin batera Jo-ren tabernako agertokian, Strummer-i gure omenaldi xumea ere egiteko...)

"Spanish bombs, yo te quiero infinito, yo te acuerda oh mi corazón...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak