Alacant, Benidorm baino (askoz) gehiago

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko abu. 21a, 11:00

Akabo etxetik kanpo egin ditugun egunak. Alacant aldeko Altea herriak ongietorria egin digu 2013 honetan, laugarrenez. Bertako aurpegi asko ezagunak zaizkigu dagoeneko, eta gu ere, arrotzen artetik ezagunxeagoak garela esango nuke.

Lau urtetan zehar, urtero-urtero zerbait berria egiteko gogoz bertaratu izan gara... eta normalean ez dugu lortu gure helburua. Nagitasuna nagusitzen da, urteko nekeak gainetik kentzeko hondartzan botata egoterik bezalakorik ez dagoela uste izanda. Aurten, baina, gure hamaka uztera animatu gara. Hortxe gure oporretako lehengo lorpena!!

Kostaldea atzean utzi eta anaiaren gonbitea onartuta, barrualdera joan ginen, arroilen jaitsiera bat egitera. Bi ordu baino zerbait gehiagoz paraje ikusgarrietan ibili ginen. Inguru haietako idortasunaz haratago, Abdeteko abenturarekin ezkutuko altxorrak aurkitzeaz gain, berotik ihes egiteko aukera izan genuen ur freskoetan sartuta.

Eskerrik asko Ekain, gidari lanak txukun-txukun egiteagatik! Hori bai, hurrengo egunean ezagutzen ez genituen gorputz atalak ezagutu genituen... Berriro, eskerrik asko, anatomia irakasteagatik!

Animatuta geundelako-edo, baina aurtengo oporretan Altea utzi eta Calpera joatea ere erabaki genuen. Bai, aurten bai. Pentsatu, eta egin.

Eta hondartzara joan gura izan genuen arren, jendetzak planez aldatzera behartu gintuen. Akaso horrexegatik, patuak gura izan zuelako, txoko polit batekin egin genuen topo: Erreginaren Bainuak. Xarma bereziko tokia, arratsaldeko azken orduak igarotzeko.

Baina berritasunak berritasun, ezin urteroko osteratxoa egiteke utzi. Alteatik haratago gauetan keinuka aritzen den itsasargira abiatu ginen, Serra Geladan sartu eta itzaletan batzutan, eguzki bortitzaren azpian bestetan, Mediterraneora ematen duten ikuspegi ederrak begiztatu genituen beste behin, txakurrarekin pasiatzera, korrika egitera edo bizikletan doazenekin gurutzatuz.

Eta lerro hauek idatzi berritan ohartu naiz ez dudala Alteari buruz askorik esan. Hurrengo baterako utzi beharko dut alde zahar ederraren zein jan, edan eta musika ona entzuteko txokoen kontakizuna. Aurrerapen bezala, Arturorenean, Jaumerenean zein Elaine eta Dionirenean geldialdia egitea merezi duela esan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak