Euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien aldeko ospakizun solidario honek kurtso hasiera girotuko du. Irailak 14 aldarrikapenez betetako data izango den arren, festa giroan pasatzeko eguna antolatu dute. Goizean umeentzako jolasak egongo dira Biteri plazan, eta ostean, plazan bertan tiketa erosten dutenek parrillada herrikoia dastatuko dute. Arratsaldean, ohiturari eutsiz, musikak hartuko du herria. Jai giro honetan aldarrikapenerako tartea ere egongo da, 20:30etatik aurrera presoen aldeko manifestaldia irtengo da Seber Altube plazatik.
Rock doinuak
Herriko 19 tabernatan banatuta bakoitzean talde batek kontzertua eskainiko du. Lehengo emanaldiak arratsaldeko bostetan hasiko dira eta azkenak gaueko 21:30etan. Gehienetan rocka izango da nagusi eta herriko taldeek presentzia nabarmena izango dute.
Ospakizuna borobiltzeko gaztetxean, 22:30etatik aurrera, kontzertu handi bat antolatu dute. Bertan herriko zein kanpoko taldeen txanda izango da eta Anger edo Kañeria 13 bezalako talde ezagunek joko dute.