Jabi Uribetxeberria: "Apur bat harrituta gaude; bizirik dagoelako horrela ibiltzea ere…"

Ubane Madera 2013ko abu. 12a, 14:29

Berba horiek esan dizkio GOIENAri Josu Uribetxeberriaren anaia Jabik, asteotan presoari buruz esaten eta egiten dabiltzanaren aurrean. Jakinarazi du presoak ez diola uko egin Auzitegi Nazionalaren mediku probak egiteari, baizik eta tarteka egiten dizkioten probak erabiltzeko eskatu duela hark. "Gaur bertan (abuztuaren 12) egin behar diote proba bat (…) Denbora guztian dabiltza probak egiten", gaineratu du hark.

"Gaur dauka mediku proba bat, Donostiako ospitalean; abuztuaren 28an dauka beste bat eta irail hasieran ere bai. Hilean behin egiten dizkiote probak, analisien emaitzen arabera, baita sarriago ere. Denbora guztian dabiltza probak egiten".

Langraitzeko kartzela aztertzen

Modu horretan azpimarratu gura izan du Jabi Uribetxeberriak anaia presoaren osasunaren etengabeko jarraipena egiten dutela medikuek. Eta hain zuzen ere, berriak egiten ibili barik, horiek erabiltzeko eskatu duela Josu Uribetxeberriak, Jose Luis Castro epailearen eskaerak direla-eta.

"Epaileak proba gehiago agintzeaz gainera, agindu izan du, baita ere, Langraitzeko kartzelara joan zitezen, ikusteko ea posible den Josuk bertan jarraitzea tratamendua", gaineratu du.

"Larria eta sendaezina"

Baina ezezkoa ondorioztatu dute. Edo hori da, momentuz, hainbat hedabidek diotena: Justizia Ministerioaren menpeko diren auzi medikuen gomendioaren arabera, Uribetxeberriak etxean segitu behar duela kantzerraren kontrako tratamendua hartzen, bere egoerak "larria eta sendaezina" izaten segitzen duelako.

Edozelan ere, familiakoek ez dute halako ezeren berririk, hedabideek diotena besterik ez, eurei ez dietelako ezeren gaineko jakinarazpenik bidali. Eta entzuten dabiltzanarekin "apur bat harrituta" daudela adierazi du Jabi Uribetxeberriak, "bizirik dagoelako horrela ibiltzea ere… baina ezin dugunez ezer egin…", kontatu du.

"Eusten dabil"

Anaiari buruz, esan du, "nahikoa gogor" dagoela. "Aguantatzen dabil ondo. Beti dauka zerbait, baina… Ahal duenean kalera irtetzen da bueltatxo bat egitera, ze bestela etxe-zuloan egun osoan… Gero, atseden hartu behar izaten du, baina… eusten dabil".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak