Lehen Nazional Mailan jokatu ahal izateko bazkideak behar ditu Arrasate Eskubaloi taldeak

Ubane Madera 2013ko abu. 9a, 16:12

Ford Mugarri Lehen Nazional Mailara igotzeak Arrasate Eskubaloi taldearen gastuak handitu egin ditu nabarmen. Orain arte eskubaloi taldeko ekipo guztien artean 25.000-26.000 euroko gastua izan duten arren, aurten Frod Mugarrirekin, bakarrik, 18.000-20.000 euroko gastuei egin beharko diete aurre. Gastuoi aurre egin ahal izateko 500 bazkide lortzea dute helburu.

500 bazkideok lortu ahal izateko, "arrazoizko" prezioa jarri dute Arrasate Eskubaloi taldekoak: 20 euro denboraldiko. "50 euro ere ipini ahal genuen, baina pentsatzen dugu 20 euro ipinita jende gehiagok izango duela parte hartzeko aukera", adierazi du Andoni Arandok, Ford Mugarriko ordezkariak.

130 bazkide, oraingoz

Bazkide eginez gero, Arrasate Eskubaloi taldeko partidu guztietara joan ahalko da; Gabon inguruan bazkideen artean egingo duten zozketan parte hartzeko aukera emango du eta elkartearen batzar orokorretara joateko ere bai, besteak beste.

"Oraingoz, 130 bat bazkide lortu ditugu, jokalariak San Juan inguruan hasi ziren-eta familiakoen eta lagunen artean bazkideak lortzen. Baina esandakoa, gehiago behar ditugu", dio Arandok.

Arbitrajetan bakarrik, 9.200 euro

Izan ere, oraindik orain gastuak besterik ez dituzte ikusten Arrasateko eskubaloi taldean: "5.000 euro ordaindu ditugu dagoeneko. Eta gero urtean zehar… Adibidez, arbitrajeetan bakarrik 9.200 euro ordaindu beharko ditugu. Orain arte etxean jokaten genuen bakoitzean 175 euro ordaindu behar izaten genituen, eta aurten 700 euro ordaindu beharko ditugu. Bidaiak egiteko ere dirua beharko dugu, eta badakigu, adibidez, bi bidaia baditugula, gutxienez: Zaragozara eta Kantabriara…", dio Arandok kezkatuta. 

Bazkide izateko, bi bide

Bi bide jarri dituzte bazkideak egiteko: 20 euroak eskura eman dakieke eskubaloi taldeko jokalariei eurei eta haiek emateilearen izen-abizenak apuntatu eta gero eurak arduratuko dira dirua taldearen kontu korrontean sartzen.

Beste aukera da, berriz, zuzenean kontu korrontean sartzea dirua, Laboral Kutxan duten honako kontu horrontean,: 3035  0055  17  0550008040. Dirua sartzean azaldu behar da dirua zeinek sartu duen eta zertarako den.

Euskadiko Kopa eta 'Pitxi' Herreroren oroimenezkoa

Bazkideak lortzen dituzten bitartean, baina, Arrasate Eskubaloikoak badabiltza kirolari moduan dagokiena egiten: entrenatzen. "Bakoitza bere kontura dabil orain entrenatzen. Pablo Gartziak bidali zien planin bat, eta horrekin dihardute. Arrasaten, berriz, abuztuaren 19an hasiko dira entrenatzen. Izan ere, Lehen Nazional Mailan egoteak esan gura du iraileko lehen hiru asteetan Euskadiko Kopa jokatu beharko dugula (irailaren 1, 8 eta 15)", jakinarazi du Arandok.

Hala ere, Arandok azpimarratu du Kopa data horietan jokatuta ere, irailaren 14an eta 15ean jokatuko den Pitxi Herreroren memorialean ere parte hartu gura dutela. "Lehen Nazional mailako taldeak izango gara memorialean: Eibar-Elgoibar izango da lehen partidua; Arrasate-Tolosa, bigarrena. Eta domekan lehen eta bigarren eta hirugarren eta laugarren postuak eskuratzeko partiduak".

Liga bera, berriz, irailaren 21ean hasiko zaie, etxean, Kantabriako Corrales taldearen kontra. "Pablori (Gartzia) ez zaio asko gustatu haiek tokatzea. Talde zaila da".

Fitxajerik ez, baina talde sendoa

Fitxajeei dagokienean, halakorik ez dutela lortu kontatu du Arandok. Ez, oraingoz. "Saiatu gara, alboko eskubiko aldea eta defentsarako piboteren bat indartu egin gura genituen, bereziki, lesioei begira. Bergarako birekin berba egin dugu, eta Gasteizko beste birekin ere bai. Azken horietako baten erantzunaren zain gaude. Besteek ezetz esan dute. Taldeko jokalari ohi batekin ere egin dugu berba, baina hark ere ezin duela esan digu momentuz. Dena den, taldean dugun onena da iaztik 12-13 jokalariko blokea ondo definituta dugula. Maila emateko taldea badugu, baina lesioek errespetatu egin behar, ze bestela…"

Helburuak: mailari eutsi eta ikusleak erakarri

Denboraldi berrian lortu gura duten helburua argi dute Gartziaren mutilek: "Lehenengo urtea zaila izango da. Helburua da kategoria mantentzea. Talde berri asko egongo gara ligar horretan. Bestalde, espero dugu denboraldi honetan jende gehiago etortzea gu ikustera Iturripera. Guk gure aldetik ere jarriko dugu: musika atsedenaldietan, zozketak… baina Lehen Nazional Mailan egonda, pena da betiko zortzirak bakarrik etortzea partiduak ikustera", dio Arandok.

Oraindik orain, baina, lehentasunei kasu egin behar, eta "momentuz paperak egiten eta dirua lortzen segituko dugu. Egia esan, nahikoa lan ematen digu horrek". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak