Lapurrak sartu dira bi tabernatan

Ubane Madera 2013ko uzt. 30a, 18:28

Arrasateko bi tabernatan lapurrak sartu dira: Lora tabernan eta Hemen kafetegian. Lora tabernatik jolas-makinako dirua eraman dute, 800-900 bat euro, ugazaben arabera; baita kutxa erregistratzailean zituzten kanbioak ere. Gaur joan dira gertaera salatzera. Hemen Kafetegitik, berriz, kutxa erregistratzailea oso-osorik eraman dute, zorionez diru kopuru txikiarekin. Bi kasuetan lapurrak ezer apurtu barik sartu dira tabernetara.

Bi tabernetako ugazabek kontatutakoaren arabera, atzo (astelehena) goizean jabetu ziren gertatutakoaz. Lora tabernaren kasuan, ezusteko handia hartu zuten, taberna zabaltzera joaterakoan, ateak zabal-zabalik aurkitu zituztelako. Lora tabernako ugazabek argi dute taberna bertako giltzak erabilita sartu direla lapurrak, segurtasun serrailak dituzten hiru ate zabaldu behar dituztelako.

Beste lapurreta bat ere bai

Ezequiel Gomez Hidalgo ugazabak Kontatu du, gainera, ohi samarrekoak direla halako gertakariak. Eurek ere badutela zoritxarreko esperientzia hori, azkeneko urtean beste lapurreta bat ere jasan dutelako eta baita lapurreta ahalegina ere bai.

Eta hark salatu, lapurreta salatu egin dutela, baina batez ere aseguru etxeari partea emateko derrigorrezkoa delako; baina ez segurtasun handiagoa espero dutelako aurrerantzean. Gomez Hidalgok adierazi du berak ikusten duenez, kaleak zainketa larregi barik egoten dira gauez Arrasaten.

Seber Altuben lapurreta ugari

Segurtasun eza da, baita ere, Hemen Kafetegiko Anton Abarrategi ugazabak sumatzen duena. Hark kontatutakoaren arabera, Seber Altuben, bi denda bakarrik falta dira lapurtzeko; gainontzeko guztiek lapurretaren bat edo beste jasan izan dute azkeneko urtean: iturgintzako dendak, harategiak, frutategiak, tabernek… guztiek.

Abarrategiren kasuan, kontatu du berak ere salaketa jarri duela eta aseguruak ordainduko diola lapurtu dioten kutxa erregistratzailea. Baina segurtasun falta salatu du, bereziki, Hemen kafetegiaren kasuan ere, ezer apurtu barik sartu direlako lapurrak barrura: "Goizeko zazpiak laurden gutxitan sartu nintzen eta opilak eta kruasantak-eta egiten hasi nintzen. Eta zortziak arte, irekitzeko ordura arte ez nintzen jabetu kutxa falta zenik, izan ere,  pertsianak ondo funtzionatzen zuen eta ez nintzen konturatu atearen sarraila indarrez zabaldu zutenik".

Udaltzainak, gauez patrullatzen

Arrasateko Udalean kontuaregatik galdetuta, gogora ekarri dute bertako udaltzainak gauez ere berdin-berdin ibiltzen direla kalean patrullatzen. Eta jakinarazi dute, gainera, azkenaldian interbentzioak ere izan dituztela, emaitza positiboekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak