Amaia Errasti: "Telecinco katean eta 'Diez Minutos' aldizkarian lan egitea esperientzia polita izan da"

Naiara Uriarte 2013ko abu. 28a, 02:00

Amaia Errasti (Arrasate 1988) Ile -apaintzaile ikasketak bukatu zituen orain dela  hiru urte. Urtebete lanean ibili eta gero, Madrilera joatea erabaki zuen, Irudi Aholkularitza modulua egiteko. Ikasketek Telecinco katean eta Diez Minutos aldizkarian lan egiteko aukera eman diote.

Zertan datza Irudi Aholkularitza?

Goi mailako modulu honetan, irudi pertsonalaren inguruko hainbat esparru jorratzen dira. Alde batetik, itxura fisikoa lantzen da: arropa, ile-apainketa eta makillajea. Bestetik, irudiak komunikatu behar duena: komunikazio ez berbala, keinuak... 

Azken finean, pertsonaia baten irudi fisikoa egituratu, eta, haren pertsonalitatea kontuan izanda, gomendioak edo aholkuak eman behar ditugu.

Diez Minutos-en eta Telecincon egon zinen bekadun. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso esperientzia ona eta polita izan da. Izugarrizko suertea izan dut, praktikak Villarrazo Madrid komunikazio agentzian egin ditut-eta. Asko ikasi dut; bai pertsona moduan, bai profesional moduan. Izan ere, jende berria ezagutu dut, eta hau oso garrantzitsua da ogibide honetan mugitzeko. Gainera, pertsona orok zerbait interesgarria irakasten dizu. Bidaiatzeko aukera ere izan dut; hala nola Kordoba, Tenerife, Lanzarote... Profesionalki, ostera, ikasitako guztia praktikan jarri dut. Baina aipatu beharra daukat batzuetan nahiko mundu faltsua dela. Famatu askok gauza bat esan eta beste bat egiten dute, eta haien artean laguntasunik ez dagoela konturatu naiz.

Zein zen zure eginbeharra Diez Minutos aldizkarian?

Modako erreportajeak egiten genituen, batez ere. Horiek prestatzeko, arropak aukeratu behar genituen: horretarako, showroom eta dendetara joaten ginen. Behin erropak bilduta, konjuntoak egiten genituen. Normalean, aldizkariak esaten zigun estiloa zein izango zen: casual, bohochic... Eta, horretaz guztiaz gain, modeloentzako casting-ak antolatzen genituen. 

Eta Telecincon?

Villarrazo Madrid agentziak arropa firma dauka, eta hura ezagutzera emateko Telecincorekin egiten du lan. Maria Teresa Campos kazetariak aurkezten duen ¡Qué tiempo tan feliz! saiorako kolaborazioak egiten genituen.  Hasiera batean, modeloen estiloaz arduratzen nintzen: arropak aukeratu, konbinatu eta modeloak jantzi; baina, ile-apaintzailea naizenez, agentziak modeloak orraz nezan eskatu zidan. Ilusio handiz hartu nuen erronka. Astero, sei bat pertsona orrazten nituen, guztiak orrazkera berarekin –mototsak, ile kiribildua, lisoa...–, baina estiloaren arabera jokatuz. Ondoren, begirunez begiratzen nituen nik egindako orrazkerak pantaila txikian.

Villarrazo komunikazio agentzian beste egitekorik?

Agentziak modazko blog bat dauka. Bertan estilo ezberdinak azaltzen dira. Egun bakoitzean bat, hain zuzen ere. Horretarako, lanean geunden guztiok dendetara joaten ginen jantziak hartzera, ondoren estilo jakin bat hautatu, eta argazkiak ateratzen genituen blogera igotzeko.

Ikasitako guztitik zer azpimarratuko zenuke?

Profesionalki hainbat esparrutan garatzeko aukera izatea. Segurtasuna ere eman dit.

Egun, irudia garrantzitsua da?

Bai. Pertsona bat ezagutzean jasotzen dugun lehen informazioa, sentsazioa da. Baina informazio okerra ere jaso genezake.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Irudi aholkulari bezala jardutea gustatuko litzaidake. Beti ere, ile apainketa esparruari garrantzia emanez. Zoritxarrez, Euskal Herrian lan eskaintza gutxi daude, eta ile-apaintzaile gisa dihardut. Hala ere, ile-apaindegian bezeroak aholkatzen ditut, eta beraiek eskertzen dute.

Argi dut, bata zein bestean, irudi munduan kokatzen dudala nire burua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak