Felix Etxagibel: "Salmenta-aukera guztietan egon behar dugula uste dut; eta, apurka-apurka, BaserriSarea.com-en bidez ere bagabiltza gure txakolina saltzen"

Imanol Soriano 2013ko uzt. 24a, 12:19

Batez ere Otxia txakolinarengatik da ezaguna Bedoña auzoko Artazubiaga baserria. Bertako Felix Etxagibelek esaten digunez, BaserriSarea.com-en parte hartzea erabaki zuten jendeari aukera gehiago emateko.

Zer da zuretako BaserriSarea.com?

Deba Garaia elkarteak antolatutako beste salmenta era bat da. Gaurko moduetara egokitutako sistema bat da. Izan ere, baserriko produktuek bi handicap edo oztopo dituzte: batetik, haietarako bidea ez bazaio jendeari errazten, zailagoa da saltzea; eta, bestetik, kostu handia daukate, artisautza-lanak direlako, guk ez daukagulako esplotazio handirik.

Zuk nekazaritza ekologikoa egiten duzu, ezta?

Bai; baratzea eta mahastiak modu ekologikoan lantzen ditugu. Eta horrek ere beste kostu bat dakar, ingurumena zaintzearena. Horko tresnak, denbora, indarra… ere kostu bat dira.

Zer saltzen duzu BaserriSarea.com-en bitartez?

Txakolina bakarrik saltzea erabaki genuen, luzaroan irauten duen produktua delako eta ardoa erraz egokitzen delako Interneteko salmentara. Azken baten, bezeroari beste aukera bat eman gura genion; salmenta aukera guztietan egon behar dugula uste dut. Eta, gutxi bada ere, apurka-apurka badabil saltzen. 

Uste dut denborari aurrea hartzen gabiltzala, oraindik jendeak ez daukalako Internetez erosteko halako ohitura. Asko esaten da Internetez saldu behar dela, baina, oraingoz, batik bat hotelak eta bidaia turistikoak saltzen dira gehien Internetez; kosmetikako produktuak ere badabiltza bolumena hartzen; baina jan-edanak ez hainbeste, guk geuk ikusi gura ditugulako; erosketa-keinu hori egin gura izaten dugu oraindik.

BaserriSarea.com-en egoteaz gain, zuek ere baduzue www.artazubiaga.es webgunea.

Bai, halaxe da. Bada urte pare bat gure webgunea egitea erabaki genuela. Batez ere, jendeak ikus dezan eta gure berri izan dezan balio du gure webguneak; hortik ez dugu salmentarik egiten.

Produktu gehiago ere saltzen dituzue…

Bai. Baratzeko gauzak, amak egiten duen ogia eta, sasoia denean, txorizoa eta odolostea; horiek plazan saltzen ditugu. Txakolina, berriz, ez dugu plazara eroaten; inguruko tabernen eta denden bidez saltzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak