Era berean, PSE-EEk interneten haur pornografia ezabatzeko mozio ere aho batez onartu da. Aritz Arrieta sozialisten bozeramaileak udal talde guztiei eskertu die erakutsitako babesa, eta erakundeei eskatu diete "euren eskuetan dagoen guztia" egiteko haurrekin ematen diren abusuak "errotik" ezaba daitezen.
Polmetasa zaharreko auziak luze joko du
Bestalde, San Andresko Cordoba y Oro plaza ondoan zegoen Polmetasa zaharreko arazoa ere izan dute hizpide osoko bilkuran. Auzia Epaitegi Goreneraino heldu da eta haren epaiaren arabera, Udalak gune horretarako onartuta zuen Plan Berezia atzera bota beharko du. Juan Antonio Urdangarin Hirigintza Saileko teknikari buruak azaldu digu horrek zer esan gura duen: "Sententziak are gehiago konplikatuko du auzia, seguru. Udalaren ikuspuntutik ez da ezer aldatzen, Udalak ez zuelako lizentziarik eman ezer egiteko. Arazo bat badago, gunea bera oso egoera txarrean dagoela. Zailena da arazoari orain ezin diogula aurre egin baina epaiak ez du ez jarri ez kendu; zailtasunak hor zeuden eta hor jarraitzen dute".
Orain ezin zaio irtenbiderik eman, baina bai Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria onartzen denean: "HAPO berriak eztabaidatuko du hor zer gertatuko den. Paraleloan, San Andres Berri enpresaren hartzekodunen-lehiaketatik zerbait irten beharko da. Hau da, jabe bat irten beharko da erantzukizuna hartuko duena. Jabe harekin berba egin beharko da plan berriarekin ea zer gertatzen den. Konponbidea hortik etorriko da. Noiz? Auskalo".