"Oso zaila da monoziklotik jaustea"

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 26a, 02:00

Andoni Medina gazte arrasatearrak badauka zaletasun bitxi bat: monozikloan, errubera bakarreko zikloan ibiltzen da. Eta, datozen egunotan, Toulouse-n egingo den topaketa baten parte hartuko du. Zapatuan, hilak 27, hasten da eta abuztuaren 3ra arte iraungo du.

Izan ere, Frantziako hiri horretan Europako Malabaristen Topaketa egiten dute urtero. Monoziklisten topaketa eta txapelketa ere hartzen du hiri horrek urtero, eta aurten, biak aste berean egingo dituzte. Hain zuzen, monoziklistendako gune bat egongo da, eta gura duten zale guztiak ibili ahal izango dira bertan. Hantxe egongo da Andoni Medina ere.

Urbiatik behera, "erraz"

Zaletasuna egiteko ez da egun berezien zain egoten Andoni: "Batez ere kalean ibiltzen naiz, eta menditik zehar pixka bat ere bai. Ez naiz lar mendizalea, baina jaitsiera batzuk egin izan ditut. Igo oinez igotzen naiz, eta monozikloan jaitsi". Urbiatik behera joan zen orain dela gutxi, eta "nahiko erraza" iruditu zitzaion: "Aldapa handirik ez dauka, ezta harri askorik ere".

Monozikloan ibiltzeak arriskutsua dirudien arren, Andonik esaten digu ez dela hainbesterako: "Sekulako muturrekoak hartu behar dituzula ematen du, baina bai, zera! Zaila da jaustea, zutik gelditzen zarelako".

Ikusi eta hurrengo egunean

Orain hiru urte hasi zen Andoni: "Gauza bitxiak gustatu izan zaizkit beti. Telebistan, monozikloko ibilbide bat ikusi nuen halako baten, eta hurrengo egunean, probatzea erabaki nuen. Gasteizen erosi nuen monozikloa eta Interneteko bideoekin ikasi nuen ibiltzen. Aste bete nahikoa da", esaten du.

120 kilometro

Arrasaten, monozikloan norbait ikusteak oraindik "atentzioa ematen" duela diosku: "Jendea begira geratzen zait. Denetarik ere entzuten da. Baina, azkenean, ohitu egin naiz eta ez dut jaramonik egiten".

Markarik egiteko asmorik ez du Andonik. Baina badaude bestelakoak ere: "Entzun izan ditut 120 kilometro-eta egin izan dituen jendearen kasuak. Orain dela gutxi entzun dut aleman batzuek monozikloan egin gura dituztela Pirinioak, baina aldapan gora joatea oso zaila denez, monozikloa aldapan behera etortzeko erabiliko dutela pentsatzen dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak