Josu Ugarte: "Denok gaudela krisian eta irtengo garela uste dugu, baina mundua ez dago krisian"

Leire Kortabarria 2013ko abu. 12a, 02:00

Oihartzuna izaten dabil Josu Ugarte arrasatearraren España está en crisis, el mundo no (Deusto) liburua; Cinco Días aldizkari espezializatuaren eskutik txat-a egin zuen Ugartek, eta El País Negocios-en artikulua irtengo da laster. Mondragon Internacional-eko zuzendaria da Ugarte, eta argi dauka enpresen etorkizuna nondik datorren: nazioartera irten behar dira.

Tamaina guztietako enpresendako da egokia España está en crisis, el mundo no?

Liburuak bi zati nagusi ditu: lehenengo, gertatzen dabilena ulertzen laguntzeko zatia, eta hori ekintzaileendako, enpresa txiki eta ertainendako (ETE) eta enpresa handiendako da egokia. Baina zailtasun handienak ETEek dituzte, eta, bigarren zatian, palanka batzuk proposatzen ditut; horiek ETEendako eta administrazioendako dira.

Eta nola azaltzen duzu gertatzen dabilen guztia?

Balio-katea zatitu egin da. Lehen ikertu, garatu, ekoiztu eta saldu hemen edo Europan egiten genuen; kostu txikiko herrialdea ginen. Gero kanpoan saltzen hasi ginen. Horren ondoren, kanpoan erosten. Orain zailena egin behar dugu: garatzeko bidean dauden herrialdeetan, gama altuetan ipini gure produktuak. Horrez gain, teknologia-berrikuntza ere zatitu egin da. Bestalde, garatzen dabiltzan herrialdeetan industria badabil garatzen; eta, horrez gain, etxeko demanda ez da handitu behar, ez Euskadin ez Espainian. 

Gero, lehiakortasunaren gakoak ditugu: oso kostu ona, puntako teknologia edo premium markak, hau da, kontsumitzailea zerbait gehiago ordaintzeko gertu dagoen marka bat. Eta hiru aukera daude: multilokalizazioa, garatzen dabiltzan herrialdeetan klase ertaina ugaritzen dabilela –mundu osoan 80 milioi pertsona urtero; Gipuzkoan 750.000 gara– eta munduan egongo diren azpiegitura-proiektuak.

Hori dena ulertuta, palanka hauek proposatzen ditut: aurreratutako merkatu-ikerketak, parke industrialak edukitzea, enpresa integralak ezartzeko zerbitzuak izatea, erbesteratuak ondo kudeatzea eta diplomazia korporatiboa izatea, hau da, helmuga-herrialdean babestuko zaituen norbait izatea.

Argi dagoena da geuk irten behar dugula krisitik, inork ez gaituela aterako.

Atzerrira joatea eta produktuak han saltzea zailagoa izango da 10 langileko enpresa txiki batendako.

Baina enpresa txiki hori ere irten daiteke atzerrira. Handien arazo berbera dute: euren produktu batzuk ez dira lehiakorrak. Orduan, nik proposatzen dudana hauxe da: produktu horiek eroan ditzatela garatzen dabilen herrialde batera, bezeroarekin lehiakorrak izaten jarraitzeko eta orain baino askoz gehiago saltzeko. Eta, nire iritziz, ekoizteko aukera emango dien espazio txiki bat izatea utziko dien hemengo enpresak bilatu beharko lituzkete enpresa txiki horiek. Guk Txekian badugu halako bateren bat: kooperatiba bat beste kooperatiba baten barruan. Eta administrazioari esaten genion enpresendako pabilioi modularrak egin zitzakeela. 

Beraz, bai, ETEak internazionalizatu daitezke. Nazioarteko gure lehenengo 10 enpresetatik bost ETEak dira. Nazioartera joan eta hemengo lanari eusten dabiltzan enpresak dira.

Eta Mondragon bezalako talde baten babesa ez duen ETE batek nola egin dezake hori bera?

Administrazioak ere zer egin jakin behar du. Administrazioak ETEei zerbitzuak eman behar dizkie, eta ez doan, izan ere, merkatu-ikerketa baten 12.000 euro ez dituenak gastatu gura gero ez du askoz gehiago gastatu gura izango. Baina zerbitzu horiek eman diezazkietela ETEei; bestela, oso zaila da beste 10 lagun kudeatzen dituen batek Txinan, Brasilen edo Errusian ze gertatzen dabilen jakitea. 

Hortaz, internazionalizatzea aukera ez ezik, betebeharra ere bada.

Kanpora joan zirenak hemen hazi egin ziren; eta kanpoan zeudenek askoz hobeto eutsi diote krisiari. Eta hemendik merkatu batera esportatzen dabiltzan enpresak merkatu horretan ezartzen direnean, esportazioak gehiago hazten dira, produktu bakarrarekin ezartzen direlako eta hemendik produktua bidali behar dutelako bakarrik. Etorkizunean bizi irauteko modu bakarra da. 

Txinaz, Brasilez…gabiltza, orduan.

Asian, bereziki Txina, eta Vietnam oso ondo garatzen dabil. Latinoamerikan, Mexiko eta Brasil oso ondo doaz; gainerako herrialdeetan, industria aldetik konplikatuagoa da. Brasilek Hego Ameriketako beste herrialde guztiak batera baino biztanle gehiago ditu. 

Atzerrira irtetea eta deslokalizatzea ez da gauza bera.

Ez. Deslokalizatzea da aktibo industrialak beste herrialde batera eroatea, jatorriko lekuan enplegua kenduz. Gu kooperatibistak gara, Euskadin oso kolektibistak gara eta, nazioarteratzekoan daroaten 20 urtean eta atzerrian bizi izan nintzen 12 urtean, ez dut ezagutu hemen dena itxi eta dena kanpora eroan duen euskal enpresarik. Multilokalizatu egiten gara gu: lantegiak irekitzen ditugu beste herrialde batzuetan, merkatu-kuota handitzeko eta etxekoa osatzeko. 

Administrazioari palanka batzuk proposatzen dizkiozu. Badabil nahikoa egiten? 

Azpiegitura badaukate: SPRI, Eusko Jaurlaritza, Icex eta bere ordezkaritza komertzialak… Baina enfokea aldatu beharko litzateke: esportatzea ez da helburua izan behar, multilokalizazioaren ondorioa baizik. Munduan baldin bagaude, gehiago esportatuko dugula frogatuko dugu. Bestela, ezin izango dugu, kostu onak ematea konplikatua delako gure kasuan, teknologia aldetik erdi mailan gaudelako, eta ez ditugulako premium marka asko. Baina geografikoki ondo dibertsifikatuta baldin bagaude, esportatzea lortuko dugu. Hori da sekretua.

Fagor Etxetresnek, adibidez, zer egin dezakete hozkailuak edo garbigailuak lehiakorrak izan daitezen kanpoan, deslokalizatu gabe?

Hemengo produktu espezifikoak direlako edo lote gutxiagotan egiten direlako eta marjin interesgarriak ematen dituztelako, hemen ekoiz daitekeen guztia hemen utziko dute. Adibidez, hozkailua estandarra da ia mundu osoan eta edozeinek egin dezake. Baina enkastrea, labeak eta gaineko sukaldeak, oso desberdina da herrialde batetik bestera. Hain desberdinak direnez, eta aldi berean zerbitzatu behar direnez, hemendik saltzeko aukera ematen dizu. Oso zaila da hori txinatarrek egin ahal izatea. 

Askoz luzeago iraungo du gaur egungo egoerak, zure ustez?

Ez badugu ezer egiten, bost, sei, hamar… urtean ez gara gure onera bueltatuko. Ez badago ekintza indartsu eta global bat lehenbailehen, orain baino okerrago  ibiliko gara.

Mundua ez dagoela krisian diozu zuk liburuan.

Aurten, Italiaren ekonomia % 1,8 jausiko da, Espainiarena % 1,6 eta Frantziarena % 0,5. Europako Batasuna ez da ia ezer haziko. Horrela begiratzen baduzu, denok krisian gaude eta irtengo gara. Baina ez da horrela. Garatzen dabiltzan herrialdeak % 3 haziko dira aurten, eta % 3,7, datorrenean. AEBak % 2,5 haziko dira. 

1994tik 2003ra bitartean, mundua % 3,4 hazi zen, eta guretako urte bikainak izan ziren. Garatzen dabiltzan herrialdeendako, orain da mundua oso ona. Mundua bere onera noiz bueltatuko den zain gaude, baina bueltatu da. Hori da arazoa. Prentsak ez ditu gauza horiek esaten. Baina ezin dugu ez ikusiarena egin. Gure buruari galdetu behar diogu ea zerbait egin dezakegun. Eta bai: paradoxikoki, mundura irten behar gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak