Moody's agentziak bi kalifikazio eman dizkie Espainiako eta Hego Euskal Herriko banku eta kreditu kooperatibei: bat, epe luzerako rating-a (Ba1, Laboral Kutxaren kasuan) eta bestea, bere finantzen indarrarena (aurrekoan moduan, D+ eman dio Laboral Kutxari, beheranzko joera ipini dion arren).
Gainerako euskal banketxeei ere nota onak eman dizkie Moody's-ek: BBVA 3. postuan dago, Baa3 eta D+ notekin; Kutxabank-ek Ba1 eta D notak jaso ditu eta 10. dago; eta Bankoa, Ba1 eta D- kalifikazioekin, 12. postuan dago.
Beheranzko joera ipintzeko azalpen hau eman du Moody's agentziak: Espainiako ekonomiaren egoera "delikatua" dela eta Laboral Kutxaren aktiboen kalitatea okertu egin daitekeela, bai higiezinen kasuan bai beste sektore batzuetako aktiboen kasuan.
Morositatea, % 7,8an
Moody's-ek dioenaren arabera, Laboral Kutxak "mailegu problematiko" gehiago eman zituen iaz, eta, 2013ko martxo bukaeran, % 7,8ko morositatea zegoen mailegu horiekin lotuta. Sektorearen batez besteko morositate tasa % 11,31 da.
Laboral Kutxak azpimarratzen du kapital nagusi maila ona duela: 2013ko martxoan, % 10,83 zuen. Kapital nagusiak markatzen du finantza-erakunde baten sendotasuna. Hor sartzen dira kapitala, diru-erreserbak, erakunde jakin batek FROBetik jaso ahal izan dituen maileguak, emisio-primak eta beste kontzeptu batzuk, galerak kendu eta gero.
"Posizio ona konfirmatzen du"
Zifra horrek, erakundearen likidezia eta eraginkortasun ratio onekin batera, "bereziki kontrakoak diren baldintza ekonomikoetako estres egoerei aurre egiteko Laboral Kutxak duen posizio ona konfirmatzen du", Mondragon Korporazioko erakundearen arabera.
Moody's-ek uztailaren 19an eguneratu ditu bere kalifikazioak. Marka onena Banestok jaso du: Baa2 nota –finantza-indarra neurtzen duen nota ez du jakinarazi Moody's-ek. Bigarren Santander da: Baa2 eta C-.