Beñat Barberena: "Etxeko pibotak ondo baloratuta gaude; oraingoz lasai nago"

Xabier Urtzelai 2013ko uzt. 22a, 12:00

Lasai, oporretan harrapatu dugu etorkizun hurbilak nora eramango duen jakin barik jarraitzen duen Beñat Barberena (Arrasate, 1989). Kanarietan dago egunotan, baina poltsikoko telefonoa piztuta, badaezpada, bere kirol ordezkariak nobedaderen bat kontatzeko zain: "Ez dut uste egun hauetan deirik jasoko dudanik, uztail amaierara arte ez delako merkatua mugituko", diosku. Eta hondartza eder batean etzanda imajinatu dugu, eguzkia hartzen, aurtengo denboraldi onaren ostean gorputzari atseden ematen. Halaxe dagoela konfirmatuta [barre egin du], saskibaloiaz, krisiaz, eta etorkizunaz egin dugu berba, besteak beste.

Beñat Barberenak pozik jardun du aurten Azpeitiko Iraurgi taldean (Zilarrezko LEB maila). Iazko urteaz alderatuta, askoz ere minutu gehiago egin ditu kantxan, eta protagonista izan da: "Ezin naiz kexatu, aurrean amerikar bat nuen [Lance Kearse] eta hala ere minutu asko jokatu ditut. Azken batean, talde batek halako jokalari bat ekartzen duenean minutuak emateko da, baina nik ere jokatzeko aukera izan dut, eta gustura geratu naiz denboraldiaz, iaz oso gutxi jokatu nuen-eta". [Gero itzuliko gara jokalari amerikarraren kasura, zoratzekoa da-eta].

Hain zuzen, iazko denboraldia amaituta Barberenak beste talde batzuen eskaintza izan zuen. Zalantzan egon zen Azpeitian jarraitu ala ez, baina egindako apustua ondo irten zitzaion, denboraldi gozagarria izan duelako. Orain, berriz, egoera bestelakoa da, taldea bera dagoelako egoera larrian, ekonomikoki itota: "Oraindik ez da %100 segurua, baina zail ikusten dut Iraurgik kategorian jarraitzea. Ni gustura geratuko nintzateke taldean, baina zail ikusten dut". Eta Azpeitiko taldearen kasua ez da bakarra, Gipuzkoako saskibaloi talde nagusiak egoera larrian daudelako: "Pena handia ematen dit, bai, baina ulergarria ere bada. Diputazioak diru-laguntzak kendu ditu, eta enpresak langileak kaleratzen dabiltzan honetan, ez dute dirua saskibaloira edo beste kirol batzuetara bideratuko. Hauxe da momentuan dugun egoera, eta honekin egin behar aurrera".

Ikasketak amaitzea buruan

Heziketa Fisikoko Zientziak ikasten dabil Arrasatekoa, Gasteizen: "Azken urtea geratzen zait, eta orain momentuan horrek du lehentasuna. Datorren urtean, berriz, inongo lotura barik ez nuke baztertuko saskibaloian jokatzera kanpora joatea. Eta saskibaloian jokatzea master edo bestelako ikasketa batekin bateratu ahalko banu, ederra izango litzateke". 

Oraingoz, baina, lasai dago: "Hemengo pibotak nahiko ondo baloratuta gaude, eta lasai nago. Ez bazait ezer irtetzen, badakit Arrasaten sasoian mantenduko naizela urtebetez, entrenatzaile ona dute-eta".

Zortea, kolpe batean

Barberenak gustura hartuko luke haren taldekide Lance Kearce jokalariak izandako zorte kolpea: "AEBtara itzuli da, baina saskibaloian jokatu beharrean futbol amerikarrean hasi da NFL ligan. Orain gutxi izan naiz harekin, eta bizitza ze eroa izan daitekeen aipatzen zidan". Pentsa, Iraurgin saskibaloian jokatzen ibiltzetik, Jacksonville Jaguars taldera egin du salto, urtean 800.000 euro irabaztera: "Animalia hutsa zen kantxan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak