Los Galernakoak Mexikora doaz disko berria aurkeztera

Guren Zumalde 2013ko abu. 1a, 02:00

Los Galerna talde arrasatearreko kideek Akelarre hirugarren lana laster argitaratuko dute. Ez edozein modutara, Mexikon egingo dituzte lehenengo kontzertuak. Abuztuan joango dira herrialde hartara; hiriburuan eta Chiapasen emango dituzte kontzertuak.

Estatu espainiarrean lehenago ere ibili dira kontzertuak ematen, baina hain urruti emanaldiak jotzeko aukera edukitzea beste gauza bat da. Ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula Los Galerna bezalako taldeentzat Mexikon jotzea. Han euren musika motak indarra duelako; surf taldeen estetika eta gaia handik dator neurri handian: hildakoen egunak, borroka librea, b serieko film baldarrak...
Hara joateko gogoa aspalditik zuten galernakideek. Baina taldekide bat han izan zen lan-kontuengatik eta kontzertuetan-eta izan zen. Areto horietan ezagututako jendeari esker, poliki-poliki, kontzertuak lortu dituzten arte. Abuztuaren 8an izango dute lehenengoa, hiriburuan bertan, eta beste hiru ere hantxe emango dituzte. Bat, gainera, Foro Alicia aretoan izango da; musika mexikar alternatiboaren erreferentzia da. Gero, Chiapas estatura joko dute beste 6 emanaldi egingo dituzte han.
Taldekideak gogoz dabiltza bira prestatzen; 35 kantu gertatu dituzte kontzertu ezberdinak eman ahal izateko. Chiapasen, esaterako, egunean bi emango dituzte. Nabarmentzekoa da Mexikon kontzertuak ezberdinak izaten direla: talde askok jotzen dute bata bestearen atzetik. Emanaldiak motzagoak dira eta arrasatearrek badute hori ezaguzeko irrika. Gero, hona itzulitakoan, Arrasateko Taupa tabernan hasi, eta aurkezpen-bira bati ekingo diote ahal bezain pronto.
Soinua, garatuagoa
Hirugarren lan honetan Los Galernakoek soinuan garapen nabarmena izan dute. Aurreko diskoetako musikatik hasi eta eremu ezberdinetarantz jo dute arrasatearrek. Surf doinuak dira, baina kantuz kantu beste estilo batzuetara ihes –inolako lotsarik gabe– egin dute oraingoan. Purutasunetik urrunduta eroso sentitu dira: swing doinuak aurretik momentuko lizentziak baziren, abesti osoak dira orain Akelarren. Badira punkera egiten duten kantak eta baita ukitu latinoa dutenak ere.
Ibai Akizu eta bere saxoak duten garrantzia ere berehala nabarituko du disko berria entzuten duenak. Aurreko lanean lehendabiziko aldiz sartu zuten abestietan, kantak janzteko. Oraingoan, ordea, hasieratik izan da Akizu, abestiak egiten. Horregatik, protagonismo handia lortu  du hainbatetan.
Grabazioan ere jauzia egin dute, Aurreko lanak Aretxabaletako Jon Rodriguezekin egin zituzten, eroso,"etxean bezala".  Oraingoan estudio profesional batera jo dute, Beasaingo Pottokara, hain zuzen. Emaitzarekin oso gustura gelditu dira eta ekoizpenean eman dieten laguntza eskertu egin dute taldekideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak