Sergio Gonzalez: "Argazkiko neskatilak ez du berreskuratuko galdutako xalotasuna"

Sergio Gonzalez arrasatearrak Picglaze Photo Prize nazioarteko lehiaketan parte hartu du. Aurkeztu beharreko argazkiak hunkigarritasuna eta sentsazioak transmititu behar zituen. Hala, Indiako Jaipur herrialdeko neska baten erretratua aurkeztu du Sergiok: Lapurtutako xalotasuna. Publikoak argazki onena aukera dezake; Gonzalezen argazkia bozkatzeko, klikatu hemen.

Zergatik bidali zenuen argazki hori?

Argazki honen bitartez, hirugarren munduko haurren bizimodu gordina argi transmititzen delako. Neskaren begiradak ikuslea hunkitzen du, eta sentsazio ezberdinak eragiten ditu. Hamar urterekin daraman bizimodua sentitu daiteke. Hirian eskean dabiela, hain zuzen ere. Ondorioz, haurtzaro goxoaren bizipenik izan ez duela ikus genezake.

Eta izenburua? Zergatik 'Lapurtutako xalotasuna'?

Neskatilari lapurtu dioten xalotasuna garbi azaltzen da. Izan ere, ez du haurtzarorik ezta jolasteko astirik  izan, ez da ikastolara joan... Bere egunerokoari eutsi behar dio: kalera irten eta eguneko ogia irabazi. Horretarako, makina bat trikimailu erabiliko ditu turistek dituzten euro preziatuak lortzeko. Turistok, ostera, xalotasuna ere lapurtzen diogu limosna edo beste edozer ematerakoan. Hau guztiaz gain, bere begirada mesfidatuak eta desafiatuak lapurtutako xalotasuna inoiz ez duela berreskuratuko islatzen du.



Nola izan zenuen lehiaketaren berri?
Facebook-en, eta parte hartzeko baldintzak irakurri nituenean argazki honetaz oroitu nintzen. Orain arte ez dut halako lehiaketatan parte hartu.

Noiztik argazkigintzarako zaletasuna?
Lehengo kamara digitala 2000. urtean erosi nuen. Baina, 2008an hasi nintzen lehenengo lanak egiten.

Egindako lanik esanguratsuena?
2012an Amics del Nepal erakusketa egin nuen Bartzelonan Nepaleko umezurtzekin lanean diharduen GKE baterekin. Ondoren, Aretxabaletako Arkupe aretoan egon zen ikusgai, eta datorren urteko martxoan Donostiako Okendo Kultura Etxean izango da. Erakusketa honetan,  -Nepaleko begiradak- argazkiak lehiaketakoaren estilokoak dira; lehengo planoak eta begiradan zentratuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.