Uztaileko jai txikiak, tradizioa berreskuratzetik sortutako festak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko uzt. 18a, 12:29

Sanjuanekin ez dira Arrasateko uda sasoiko jaiak amaitzen. Jai handien ostean, zenbait kale eta auzok garai bateko jaiak berreskuratzen dihardute. Jai batzorde txikietan beteranoenak Maala eta Ferreriasekoak dira. Maala kaleko historiko batekin kaleko festen inguruan galdetzean argi dauka: "Festak asko jaitsi dira baina Maalakoak Arrasateko jai onenak dira", dio Jose Mari Balantzategi Aizkorita famatuak.

Jaiak berreskuratzeko joera honetan azkenak Zerrajerako bizilagunak izan dira. Urtetan jaia galdu eta gero berriro berreskuratu dituzte. "Duela 50 urte baino gehiago Zerrajerako langileek aparteko paga abuztuaren 10a inguruan jasotzen zutenez festa antolatzen zuten", adierazi dute egungo jaiak antolatzen dutenek. Laugarren urte honetan, adin tarte zabalago bat hartzen duten ekintzak antolatu arren, txikiek mozorrotzea eta nagusiek txapela janztea beharrezkoa izaten jarraitzen du.

"Maalakoak Arrasateko jai onenak dira"

Jai batzorde txikietan beteranoenak Maala eta Ferreriasekoak dira. Maala kaleko historiko batekin kaleko festen inguruan galdetzean argi dauka: "Festak asko jaitsi dira baina Maalakoak Arrasateko jai onenak dira", dio Jose Mari Balantzategi Aizkorita famatuak.

Festak noiz hasi ziren ez dakien arren "ni gaztea nintzenetik gogoratzen ditut Arrabalako jaiak", azpimarratzen du. Dena den bere ohiko aldarte onarekin behin eta berriz errepikatzen du:  "Gure su artifizialak Kontxakoak baino hobeak dira".

Ferreriasko jai berreskuratuek, 25 urte

Ferrerias kalearekin antzerako zerbait gertatzen da. Urtetan galdutako festa batzuk izan ostean duela 25 urte, 1988. urtean zortzi saltsero elkartu eta ordutik jai hauek berpizteko lan handia egin dute. Tartean Marga Mercader ibili zen eta 25 urte geroago bertan jarraitzen du. "Ferrerias oso kale berezia da eta bizilagunak elkartzeko aukera polita da" dio Mercaderrek. Egunean bertan egiten dituzten ekintzetan jasotzen duten laguntza asko eskertzen duen arren jaiak antolatzeko "jende gehiagoren beharra" azpimarratzen du. Hala ere, begi-bistakoa da berak eta gainontzeko kideek gustura antolatzen dituztela jai txiki hauek.

Batzuk ahaztuxeagoak

Laguntza falta hori beste festa batzuetan ere igartzen da. Aitziber Uribetxebarriak Kanpanzerreko erromeriaren gainbehera aipatzen du: "Lehen erromeria handia egiten zen baina azken urteetan asko jaitsi da". Hala ere, ohiturari eutsiz, San Inazio egunean Elorrio eta Arrasateko udalen arteko doke txapelketa tradizionala ez da galdu eta erromeriak bizirik jarraitzen du. 

Uztaileko festekin nahikoa izan ez dutenek, abuztuan ere izango dute jaien bat edo beste. Aipatzekoak abuztuaren 31n, Zarugalde kalean oraintsu berreskuratu dituzten jaiak.

Aurtengo egitarauak

Zerrajera
Uztailak 19
16:30 Margotzera!
17:00 Jolastera!
20:00 Goikobalu abesbatzaren emanaldia.
22:00 Kale afaria (Txartelak Ausart eta Errekan).
23:00 Dantzaldia.

Maala
Uztailak 21
12:30 Kaleko hildakoen aldeko mesa.
19:00 Kontzertu akustikoa Monte taberna kanpoan.
Uztailak 22
08:00 Etxafleruak.
17:00 Haur jolasak.
19:00 Alardea txistulariekin eta txikiteoa.
21:00 Kale afaria.
22:00 Dantzaldia.
23:00 Su artifizialak.

Ferrerias
Uztailak 26
08:00 Etxafleruak.
12:00 Txistularien kalejira.
17:00 Haur jolasak eta txokolate-jana.
19:00 Erraldoien korpartsa txikia.
19:00 Meza parrokian.
21:00 Kale afaria (Txartelak Tamayon).
23:00 Kaixo taldearekin dantzaldia.

Kanpanzar
Uztailak 31
Goizean Txirrindularitza proba, trikitilariak eta luncha. Gero, bazkaria.
Arratsaldean Doke txapelketa eta erromeria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak