Pasa den denboraldiko kontuekin hasi aurretik, 29 urtetan presidente izan den Ezkurrak esker hitzak izan zituen atzoko batzarrean klubeko bazkide eta laguntzaileentzat, eta testigua Ander Garairi eman zion. Ondoren, kirol arloaren eta arlo ekonomikoaren errepasoa egin zuten.
Horiekin amaitzean, Abel Maestrek, klubeko kirol zuzendari berriak, egingo dituzten eta egin dituzten aldaketak azaldu zituen. Dagoeneko datorren denboraldia planifikatzeari ekin diote, eta futbolari gazteei paso ematea erabaki dute; horrek, baina, urteak klubean eman dituzten jokalariei agur esatea suposatu du, eta batek baino gehiagok ez du ulertu. Hala ere, hartu beharreko norabidea argi dute, eta bai lehenengo taldean baita infantil, kadete, gazte eta emakumeen taldeetan ere, bertako kirolari gazteei aukerak ematean lan egin behar dute. Mondrako taldearen parte izatearen sentimendua indartu nahi dute, nortasuna indartu, alegia.
Beraz, atzo argitu zuten moduan, maila galtzea aukera polit bat izan daiteke klubari beste norabide bat eman ahal izateko. Zorte on!
Amaitzeko, Aitor Rodriguez jokalari gazteari animoak bidali zizkioten, izan ere, Rodriguezek lan istripua izan zuen martitzenean eta hori dela-eta futbola alde batera utzi beharko du.