Bi atxilotu eta bi istripu Arrasaten, atzo

Ubane Madera 2013ko uzt. 16a, 13:35

Gorabehera handiko arratsalde-iluntzea izan zen atzo, Arrasaten. Bi atxilotu eta bi istripu izan ziren, besteak beste. Atxilotuetako bat istripu baten ostean atxilotu zuten Nafarroa etorbidean (argazkian). Arrasateko udaltzainek ikusi zuten gidabaimen barik zebilela eta gainera, alkoholemia frogan positibo eman zuela. Beste atxilotua, berriz, 23 urte gazte aljeriar bat izan zen, Arrasaten bizi dena. Poliziaren arabera, lapurretengatik eta drogekin lotutakoekin errekerimendu judiziala zuelako atxilotu zuten. Istripu biak, berriz, txikiak izan ziren eta ez zuten zauriturik eragin.

20:30ean egin zuten lehen atxiloketa, udaltzainek eta ertzainek. "Laubiden istripu bat gertatu zela abisatu ziguten eta bertaratu ginenean aurkitu genuen bi autoren arteko kolpea. Gidarien artean ados jartzen ez zirela-eta, konprobatu genuen gidari batek erretiratuta zuela gidabaimena alkoholemia arazoengatik, eta atzo bertan positibo eman zuen, 0,60tik gora. Horrexegatik atxilotu genuen", kontatu du Iñaki Arriaga Arrasateko udaltzainburuak.

Epaiketa azkarra

Hark emandako xehetasunen arabera, atxilotu duten hori gizonezkoa da, baina atestatua oraindik ere martxan dagoenez, ezin ditu datu gehiago jakinarazi. Esan du, hori bai, gizonezkoa dagoeneko aske dagoela, inputatuta, eta zitazioa jasoko duela Bergarako epaitegian epaiketa azkarra egingo diotelako, trafikoaren segurtasunaren kontrako delitua egotzita.

Epailearen agindua

Bigarren atxilotua, berriz, 21:15ean atzeman zuten. Arrasaten hori ere. Ertzaintzak atxilotu zuen. Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, 23 urteko argeliar gaztea da atxilotutako hori, atxilotzeko epailearen agindua zuelako, "droga eta lapurretekin lotutako lehenagoko atxiloketengatik". Epailearen aurretik pasa ostean aske utzi dute gaztea.

Istripuak

Istripuei dagokienez, Laubiden gertatutakoaz gainera, 19:15ean beste bat ere izan zen; kasu horretan Musakola auzoan, Eroski hipermerkatuaren biribilgunean. Txapazko istripua izan zuten, hain justu, bi automobilek. Baina ez zen zauriturik izan, eta istripua txikia izan zenez, zirkulazioari ere ez zion larregi eragin.

Alkoholemia positibo asko

Bi gertakariokin lotuta, Arrasateko udaltzainburuak jakinarazi du azkenaldian sarri samar tokatu zaiela gidari bati alkoholemia froga egin eta hark positibo ematea. "Azken hilabeteotan dozena erdi atxilotu inguru izan dira, alkoholemia frogengatik. Susmatzen badugu istripu edo trafiko lege-hausteren bat izan daitekeela alkoholaren eraginarengatik, alkoholemia frogak egiten ditugu. Eta esandako moduan, positibo bastante irteten dira. Arrasateko udaltzainek lan handia egiten dute zentzu horretan. Ze ez da batere bidezkoa norbera ondo joanez gero, alkohola kontsumitu duen baten erruz istripua izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak