Malen Ruiz de Azua atleta, Italia aldera abiatu da gaur goizean Europako Txapelketan lehiatzera

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko uzt. 16a, 12:21

Joan den astean Espainiako Txapelketa irabazi zuen junior mailan 3,95 metroko saltoa eginda, eta egubakoitzean Europako Txapelketan lehiatuko da. Bere helburua da marka hobetzea eta ahal bada finalean sartzea. Gorputzaldi onean dago, eta gogoz, Europan izango duen lehen kirol hitzorduan lehiatzeko.

Aire libreko denboraldiari nahi besteko zukua atera ezinka zebilen Malen Ruiz de Azua, eta joan zen asteburuan Castellón egindako txapelketan kolpe bakarrean zuzendu zuen bidea. Izan ere, Jonathan Perezen ikasleak pista estalian negu aparta izan duen arren, aire librean zailtasunekin zebilen. Baina, ohiko maila ona erakutsita, Super Amara BAT taldeko atletak urrea jantzi zuen, beste behin, Espainiako Txapelketa batean. Oraingoan junior mailan izan da eta urrezko domina horrek saria du; egubakoitzetik domekara bitartean Italian, Rietin, egingo duten Europako Txapelketarako ateak ireki dizkiolako.

Gaur goizean abiatu da atleta arrasatearra Italia aldera, eta atzo, txapelketa aurreko azken entrenamenduan, berarekin egoteko aukera izan genuen. Aurten jokatuko du lehenengo aldiz Ruiz de Azuak Europa mailako txapelketa batean eta gogoz dago txapelketarako: "Gogoz nago, beraz, zorte apur batekin ea marka on bat egitea lortzen dudan eta ea finalean sartzea posible den".

Europako Txapelketarako helburuak

Hauexek dira Europako txapelketarako dituen helburu nagusiak: "Marka hobetzea eta ahal bada finalean sartzea gustatuko litzaidake. Eta besteengandik ikastea, izan ere, jende oso ona egongo da".

Arrasatearrari gustatuko litzaioke Europako Txapelketan bere marka 4 metro eta 4,05 metro artean ibiltzea, eta horrekin espero du finalera heltzea lortuko duela.

Esan moduan, atleta gaur abiatu da Italia aldera. Egubakoitzean izango du sailkapen fasea, eta aurrera egitea lortzen badu, domekan jokatuko du finala. Astelehenean bueltatuko da berriro herrira, baina denboraldia ez du hor amaituko.

Espainiako Txapelketa absolutua, datorren asteburuan

Datorren martitzenean berriro hemen entrenatu eta datorren eguenean, hilaren 25ean, Madrilera joango da Espainiako Txapelketa absolutua jokatzera. Txapelketa hori zapatuan izango da, hilaren 27an, eta dio Italian ez badu lortzen buruan duen marka egitea, Madrilekoa beste aukera bat izango dela. Madrilen jokatuko duen txapelketa horrekin amaituko du atleta arrasatearrak denboraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak