Mikel Gonzalezek min hartu du lepoaldean eta hiru hilabete beharko ditu osatzeko

Xabier Urtzelai 2013ko uzt. 16a, 00:31

Lepoaldeko zazpigarren ornoaren (bertebra) atzeko arkua hautsi zuen Realeko jokalari arrasatearrak atzo, astelehena, arratsaldeko entrenamendu saioan. Bi edo hiru hilabete eman beharko ditu guztiz osatzeko eta, ondorioz, Txapeldunen Ligako aurretiko partidua ezingo du jokatu, ezta Espainiako Ligako hasierako partiduak ere.

Arrasatekoak ez du denboraldia nahi moduan hasi, lehenengo lagunartekoa —Mojategin— jokatu berritan etorri delako lesioa, zazpigarren ornoan haustura.

Atzo goizean, soka batzuekin ariketa batzuk egiten ari zenean hartu zuen min: soka horiek porteriara lotuta zeuden eta, ariketak egiten zebilela, gainera erori zitzaion porteria. Lepoaldeko zazpigarren ornoaren (bertebra) atzeko arkua hautsi zuen ondorioz eta luzerako joko du, medikuek tratamendu tradizionalaren aldeko erabakia hartu dute-eta. Hala, Arrasatekoak denboraldi hasierako partidu garrantzitsuak galduko ditu, besteak beste, Txapeldunen Ligarako aurre-fasekoak.

Zorte txarra

Ez du zorte onik Realak denboraldi hasiera honetan. Duela egun batzuk Diego Ifranek hautsi zuen belauna eta gaur, martitzena, egingo diote ebakuntza. Sei hilabete beharko ditu aurrelari uruguaiarrak sendatzeko.

Bestalde, Realeko ikur nagusia, Asier Illarramendi, ere galdu du Jagoba Arrasate entrenatzaile berriak. Hiru baja garrantzitsu dira itxaropentsua bezain gogorra izango den denboraldi berrirako. Mutrikuarra behin betirako galdu du eta Ifran ere kanporako bidean zen min hartu aurretik. Ea arrasatearra lehenbailehen osatzen den. Dena beharko du Realak.

Oraingoz, Miguel Angel eta Seferovic etorri dira taldea indartzera eta Jonathan Do Santos Bartzelonako mexikarraren atzetik dabil Reala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak