Kalesan, arrasatear batek gidatuta

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 13a, 02:00

Udako oporretan naturaz gozatu eta, aldi berean, ezohiko plana egin gura dutenek oso urrutira joan barik daukate horretarako aukera, Amaia Otadui arrasatearraren eskutik: Valderejoko parke naturalaren inguruak kalesan ezagutzeko aukera ematen du Amaiak. Horretarako bere enpresa dauka: Trotian (http://trotian.blogspot.com.es).

Ayla behorrak tiratutako kalesan, hiru ibilbide turistiko ematen ditu Amaiak: Herran herrian 15 minutuko paseotxoa; Puron ibaiaren ibilbidea jarraituta, inguru haiek eta hango errotak ikusteko 30 minutuko ibilaldia; eta Puron ibaiko haitzarteak ikusteko ordu beteko paseoa.

Angostako kanpinaren hurrean 

Uztailean urte bete da Amaia Otadui zerbitzu hori eskaintzen hasi zela. Naturarekiko eta zaldiekiko gustuak eta grinak animatu zuten Amaia negozio hori muntatzera: "Aspaldian zaldiekin ibilia nintzen. Haurdun geratu nintzen, umea eduki nuen eta kalesan paseoak eskaintzea umearekin ibiltzeko aproposa iruditu zitzaidan. Orain ere askotan kopilotu gisa dator umea nirekin [barre]". 

Aurtengo udan ere bisitarien zain egongo da Amaia Otadui: "Hasierak gogor samarrak dira, baina nahiko ondo ibili nintzen iaz; etorri zitzaidan jende asko errepikatzeko gertu azaldu zen. Aurten, eguraldi kaskarra izan dugu, baina uztail hasieran hasi naiz berriz zerbitzu hau eskaintzen".

Valderejo eta inguruak "zoragarriak" dira eta haiek ezagutzera gonbidatzen ditu Amaiak debagoiendar guztiak. Bera Herranen bizi da, Burgosko probintzian, eta Erdi Aroko herria da hori. Haren inguruan, Frias dago, hori ere aro berekoa. Eta, handik gertuan, Angostako kanpalekua: "Euskaldun asko joaten dira hara, eta hor zegoen jende asko etorri izan zait", esaten du Amaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak