Automobilgintzako azken aurrerakuntzen berri ematen dabiltza Garaian

Leire Kortabarria 2013ko uztailaren 11

Automobilgintzako txasisa fabrikatzeko azken aurrerakuntzak, materialetan eta prozesuetan, aztertzen dabiltza gaur, eguena, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean.

Goizeko bederatziak baino lehenago hasi da jardunaldia, eta 18:30era arte iraungo du. Automoziorako txasisaren fabrikazioan erabiltzen diren material eta prozesuetako joera berrien ikuspegia ematea da jardunaldiaren helburu nagusia.

Horrez gain, baina, konformatuaren erakustaldi praktikoak ere ikusiko dira Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko instalazioetan.

Automozioaren sektorea etengabe ari da garatzen, isuriak murriztu eta estandar berrietara egokitzeko irtenbide berrien bila. Jarduera-ardatz nagusietako batzuk dira ibilgailuaren pisua murriztea, errekuntzako motorren eraginkortasuna handitzea eta ibilgailuen elektrifikazio geroz eta handiagoa.

Nazioarteko ordezkariak

Jardunaldia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak antolatu du, Mondragon Automozioa, Automotive Intelligence Centerren (AIC) eta Sernautoren laguntzaz. Nazioartean ospe handiko espezialistak hurreratuko dira bertara, hainbat enpresatatik etorrita:  FRAUNHOFER LBF, LOTUS CARS LIMITED, SSAB, ALCOA, SGL Technologies GmbH, eta Hunstman Advanced Materials, besteak beste.

Guztiek ere alor horretan erabilitako materialen eta agertzen ari diren joeren inguruko ikuspegia eskainiko dute. Nazioarteko enpresez gai, bertako enpresek ere hartuko dute parte, hala nola  GESTAMPek, BATZek, Fagor Ederlanek eta CIE Automotivek. Enpresa horiek automoziorako osagaien fabrikazioan duten esperientziaren berri eman eta etorkizunean erabiltzeko aurreikusten diren material eta prozesu berriak azalduko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak