Oihana Aranburu: "Euskal Herriko une gogorrak bizitzea tokatu zitzaigun, tentsio handiko uneak izan ziren"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko uzt. 9a, 02:00

Berdintasun, kultura eta hezkuntza ardurak izan zituen Aranburuk Ino Galparsororen agintaldian, eta taldeko bozeramailea ere izan zen. Gainera, alkateordea zen. Garai "oso zailak" bizitzea tokatu izan zitzaien. Horiei buruz berba egin du gurekin.

Nola sartu zinen politikan?

Arrasate eraldatzeko modu bat gehiago zela pentsatu nuen; ordura arte lanean ibilitakoa nintzen, baina modu anonimo baten. Aukera hori baliatu nuen esperientzia berri bat probatzeko. Hala ere, bi aldiz pentsatu behar izan nuen; lau urterako konpromisoa da, ez da konpromiso makala. Herritarren nahietarako lan egin behar duzu. Baina proiektu bat geneukan eta horretan lan egitea erabaki nuen. 

Zuk landu zenituen arloetan, zein izan zen egin zenuten proiektu nabarmenena?

Oso esanguratsua izan zen Arrasaterako propio garatu genuen unitate didaktikoa. Eskola guztietarako izan zen. Lehen Hezkuntzarako hiru unitate garatu genituen gure agintaldian: historiaurretik hasi eta gaur arteko unitate didaktikoak ziren. Helburua zen herriko umeek herriko historia zein izan den ezagutzea. Hori izan zen egin genuen proiektu interesgarriena.  

Zuen agintaldian Ino kartzelan sartu zuten eta zuri, alkateorde izanda, jarduneko lanak egitea egokitu zitzaizun. Nola gogoratzen duzu?

Agintaldiko momentu gogorrena izan zen. Garai hartan, gainera, Euskal Herriko egoera oso larria zen, errepresio handia zegoen. Ino egotzi zuten eta kartzelan sartu zuten unea oso gogorra izan zen. Gainera, edozein euskal herritar inongo motibo barik kartzelan sartzeko aukera zegoela jakitea gogorra zen. Gai horretan, eskertzekoa da herritarrek erakutsi zuten jarrera. Babes handia jaso genuen herritarren aldetik eta aurrera egiteko oxigenoa hartu genuen.   

2008ko martxoan Isaias Carrasaco hil zuen ETAk. Nolako uneak izan ziren?

Gaur egungo egoera eta ordukoa oso ezberdinak dira. Guri tokatu zitzaigun bizitzea Euskal Herriko une oso gogorrak. Agintaldiko tentsio handienak bizi izan genituen. Prentsaren aldetik jazarpen handia jasan genuen, Udaleko harremanak ere gaiztotu egin ziren... gainera, ondoren Inorena etorri zen, mendeku eran. Egoera oso zaila eta gogorra izan zen.  

Jarduneko alkate izan zinenean, zer izan zen gustukoena?

Herritarrak entzun eta ahalik eta borondate onenarekin –izan ere beti ez da asmatzen– zeregin horiek egitea. Udaleko lana hala izaten da; borondate guztia eta lan handia egin arren beti izaten duzu kritikaren bat. Kritikak eta poztasunak ere egoten dira.

Lau urte horietan momentu txarrak eta onak bizi izan zenituen. Txarrak zeintzuk izan ziren esan ditugu. Baina, onak zeintzuk izan ziren?

Adibidez, jaiak ikusteko beste modu bat ezagutu dut Udaleko jardunean. Herritarrekin egon eta entzun, eta horiekin sortzen den enpatiak poztasunak ere ematen ditu. Alde horretatik, esan behar da, ikasteko esperientzia aberasgarria dela.

Atzera begira jarrita, aldatuko zenuke zerbait?

Oraingo egoerak inbidia ematen dit. Euskal Herrian beste egoera bat bizi dugu, eta konponbiderako beste urrats batzuk eman dira. Gainera, gaur egungo Udal taldea gehiengoan dago. Guk gutxiengoan gobernatu genuen eta horrek akordioetara iristeko bidea asko zailtzen du. Hala ere, ni pozik nago gure agintaldian gehiena akordio bidez lortu zelako. Gaur egun, krisiaren eragina nabarmenagoa da eta diru gutxiago dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak