Parisko eta Arrasateko hardcore doinuz jantziko da gaztetxea bihar

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uztailaren 5a

Askotariko musika estiloak entzun ahal izaten dira gaztetxean, eta, oraingo honetan, hardcorearen txanda izango da. Bihar kontzertua eskainiko dute The Great Divide eta Drop! taldeek, 22:30ean hasita. 

Etxeko talde batek irekiko du Arrasateko Gaztetxeko gaua. Hain zuzen ere, 2011n sortu zen Drop! taldea izango da lehenengoa eszenatokira igotzen eta euren aurreneko diskoa aurkeztuko dute arrasatearren aurrean. Oraindik argitaratu ez badute ere, Ez Gaituzte Aldatuko diskoaren aurrerapena egingo dute taldekideek biharko emanaldian.

Paristik datozen artistak

Gaztetxeko oholtzara igoko den bigarren taldea, aldiz, The Great Divide izango da. Pariskoak udako kontzertuetan murgilduta daude eta Euskal Herrian emango duten saio bakarra izango da Arrasatekoa.

Boskotearen hardcore melodikoa entzuteko aukera egongo da, beraz, gaztetxean. Tales of Innocence and Experience izeneko bere aurreneko lana aurkeztuko dute; ingelesez kantatutako bederatzi abesti jasotzen dituen diskoa, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak