Mondraren proiektu berrirako, entrenatzaile eta kirol zuzendari berriak

Txomin Madina Milikua 2013ko uzt. 4a, 22:53

Gaur arratsaldean Mojategin egindako agerraldian aurkeztu dituzte Mondrako lehen taldeko entrenatzaile berria izango den Gotzon Urtzelai eta Abel Maestre, klubeko kirol zuzendari berria. Zuzendaritza batzordeko kide den Ramon Azkaratek adierazi du datozen hiru urteetarako kudeaketa eta kirol ikuspuntutik proiektu berria jarri gura dutela martxan, eta gazteek izango duten protagonismoa azpimarratu du.

Etorkizunera begira sustraiak jarri eta hortik gora egitea. Horixe da, Mondrako zuzendaritza batzordeko kidea den Ramon Azkarateren esanetan klubak hurrengo hiru urteetarako  planteatu duen proiektuaren helburua. Azkarateren esanetan proiektu horretan taldeko jokalari gazteek berebiziko garrantzia izango dute: "Herriko jende gaztea gura izan dugu taldean, orain arte lehen taldean jokatzeko aukera izan ez duena. Ea esperientzia hartzen duten; badago jendea Mondra goian egoteko". "Helburu moduan, Zuzendaritzari  igotzea datorkigu burura, baina badakigu zaila dela. Beraz, igo ez arren  ditugun beste helburuak betetzen badira, ez da ezbehar bat izango", gaineratu du.

Gazteekiko egin duten apustu horrek ekarri du Azkarateren esanetan, Gotzon Urtzelai bergararra entrenatzaile moduan hartu izana: "Bagenituen erreferentziak, badakigu nola lan egiten duen eta gure bide beretik doa: jende gaztearekin lan egitea gustatzen zaio, nahiz eta taldean beteranoren bat ere egongo den".

Erronkarekin pozik

Azken urteotan UDAko alebinen entrenatzailea izan den Gotzon Urtzelaik bere aldetik, adierazi du beretzat aurrerapauso bat dela Mondrako entrenatzailea izatea. "Erronka berri ba da guretzat, eta oso gustura gaude". Berarekin batera ibiliko da entrenatzaile laguntzaile lanetan Jon Iregi. Dagoeneko hasi dira taldearekin lanean (gaur egin dute bigarren entrenamendua): "Jokalariek gu,  guk jokalariak eta eurak euren artean ezagutzea da asmoa. Ea jendea ezagutzen goazen, dinamika onean sartzen garen eta urtea ondo hasten dugun" gaineratu du entrenatzaile berriak. Abuztuaren 19an hasiko dute aurredenboraldia; liga, aldiz, irailaren 22an.

Kirol zuzendari berria

Entenatzaileaz gain, kirol zuzendaria ere berria izango da aurrerantzean. Abel Maestrek hartuko du kargua,  alebinetatik hasi eta lehen talderaino. Gazteekiko apustua berretsi du: "Talde polita da, eta sendotasuna dagoen lekuan, gauzak irten egiten dira".   Klubaren norabidea guztiz aldatzeko asmoa  ere adierazi du Maestrek: "Oinarri aproposak ezarri nahi ditugu; talde kultura egon dadila, Mondra familia bat izan dadila ". Bai klubaren eta baita bere aldetik ere entrenatzaile berriak babes osoa izango duela gaineratu du, eta formetan erabatako aldaketa iragarri du: "Irribarreak ikusi nahi ditut, ez aurpegi tristeak eta alferrikako errutinak". "Hau kirol bat da, joko bat, beraz goazen ondo pasatzera", gaineratu du.

Realaren kontrako partidua

Mondraren 100. urteurrenaren harira, Mondrak eta Realak lagunarteko partidua jokatuko dute datorren astean, uztailaren 12an Mojategin. Klubetik partidura joateko deia egin diete zaleei, besteak beste taldeari ekonomikoki laguntzeko ere balioko duelako. Arrasateko Tantaka, Rumba, Monte, Kajoi eta  Ziorla tabernetan egongo dira salgai sarrerak, eta Aretxabaletan, Oñatin eta Bergaran saltzeko asmoa ere azaldu dute. 12 urtetik gorakoendako 10 euro balioko du sarrerak; gaztetxoendako, aldiz, 3 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak